Itxi

Herriak eta Hiriak

Turismoa

Gasteizko Santa Maria katedralak bisita birtualak eskaintzen ditu webgunean

agentziak | erredakzioa

Arabako Foru Aldundia eta Santa Maria Katedrala Fundazioa elkarlanean aritu dira turismoa bultzatzeko asmoz. Izan ere, Gasteizen leku bisitatuenetarikoa da katedrala.

  • Gasteizko Santa Maria Katedralaren aurrealdea.

    Gasteizko Santa Maria Katedralaren aurrealdea.

Gasteizko Santa Maria katedralaren web orrialdeak bere irudia berritu du tenpluaren berri emateko, bisita gidatuen erreserbak errazteko eta eraikinean zehar bisita birtualak eskaintzeko.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak, Cristina Gonzalezek, eta Santa Maria Katedrala Fundazioaren zuzendariak, Jon Lasak, aurkeztu dute proiektua, eta, oro har, bisita birtualak nabarmendu dituzte.

Haietan, katedrala 360 gradutan ikusi ahalko du bisitariak, “bai egun duen egoeran bai berriztapen egoeran zegoenean”, adierazi du Cristina Gonzalezek. Bisita birtualetan indusketak eta obrak ikus daitezke kokapen desberdinetatik eta hainbat angelutatik.

Obren garrantzia errealitate birtualean nabarmendu du Jon Lasak, izan ere “nabigazio-egunkari bat” bezain garrantzitsua baita eta obrek 20 urteotan izan duten garapena ikusten laguntzen baitu.

Webgunean berrikuntzak egiteaz gain, Santa Maria Katedrala Fundazioak bideoa ekoitzi du. Bobedan izandako erorikoa nola konpondu dute erakusten dute bertan. Katedrala ixtea eragin zuen erorikoa konpontzeko,  ixtearen arrazoia, 20 zentimetro altxatu dute ganga, eta katu hidraulikoak erabiltzen dituen sistema bat baliatu zuten desbideratzea zuzentzeko.

Webgunearen diseinua berritzeko proiektua turismoa bultzatzeko asmoz egin dute, eta Arabako Foru Aldundiak 50.000 euro inbertitu zituen 2017an horretarako. Foru diputatuaren arabera, Gasteizen eta Araba osoan leku bisitatuenetarikoa da katedrala, eta bisitarien kopurua nabarmendu du.

Iaz 90. 543 pertsonak bisitatu zuten Santa Maria katedrala, 2016an baino % 3,2 gehiago. Atzerritar turisten kasuan kopurua % 21 hazi da. Frantsesez ere irakur daiteke webgunea, kanpoko bisitarien artean nagusi baitira frantsesak, eta mugikorrerako bertsioa ere badute.