Itxi

Herriak eta Hiriak

Protesta

Itxialdia egiten ari dira Romoko Nagusien Etxean, lekualdatzea salatzeko

Agentzia | Erredakzioa

Nagusien zentroa itxi eta Romoko Kultur Etxera eramango dute horren jarduna. Adinekoen ustez, Udalak etxeak egin nahi ditu lursailean. Getxoko Udalak dio 'zerbitzuak bikoiztea' saihestu nahi duela.

0:45

Getxoko Romo auzoko adineko eta erretiratuak itxialdia egiten ari dira bart gauetik Getxoko Udalak Nagusien Etxea itxi eta zentroko jarduerak Romoko Kultur Etxera (RKE) berrira eraman nahi dituela salatzeko.

Nagusien Etxea kudeatzen duen Ibar Nagusien Etxea elkarteko zuzendaritzak asteazkenean erabaki zuen Lope de Vega kaleko eraikinean itxialdia egitea. Elkarteak 5.000 bazkide ditu, horietatik 1.500 parte hartze aktiboa dutelarik.

Elkarteko kideek azaldu dutenez, 20 bat pertsonek ekin diote protestari, 21:00ak aldera, eta ostiralera arte luzatuko dute, txandak eginez.

 

 

Getxoko Udalak zentro horretan eskaintzen diren zerbitzu eta jarduera guztiak Romoko Kultur Etxe berrira eramango ditu aurki. Elkarteko kideen hitzetan, gaur egun lorategia duen 1.600 metro koadroko erakina dute. Kultur etxean, aldiz, 300 metro koadroko gune bat izango dute, eraikineko hirugarren solairuan.

 

 

Adinekoen elkarteak uste du lekualdatzearen ostean "hirigintza interesak" daudela, eta Nagusien Etxearen lursailean etxebizitzak egin nahi dituela Getxoko Udalak. Horrez gain, Kultur Etxera mugitzeak "leku galera" ekarriko diela salatu dute.

Itxialdiaz gain, elkarretaratzea antolatu dute ostegun honetarako (19:00etan, Nagusien Etxean) eta manifestazioa, maiatzaren 25ean.

Rafa Martin Ibar Nagusien Etxea elkarteko presidenteak nabarmendu duenez, erretiratu eta adinekoek Lopez de Vega kaleko eraikinean jarraitu nahi dute, betiko zerbitzuekin.

"Zerbitzuen bikoiztea saihesteko"

Getxoko Udalak ohar batean azaldu duenez, bilera egin zuten asteartean Ibar Nagusien Etxea elkarteko kideekin. Azaldu zietenez, eraikina itxi artean, lehen solairua erabiltzen jarrai dezakete.

Maiatzaren 18tik aurrera, Nagusien Etxean eskaintzen ziren hainbat oinarrizko zerbitzu (ile-apaindegi, masajista eta podologia) Romoko Kultur Etxean eskainiko dituzte. Maiatzaren 28rako prest egongo dira billarrean jolasteko aretoa eta gimnasioa.

Getxoko Udalak, "kudeaketa eraginkorraren logikari jarraituz", ez du aurreikusten "zerbitzuak bikoiztea".