Itxi

Herriak eta Hiriak

Ekainak 23

Donibane bezperako suak Donostian ikusteko gida

eitb.eus

17 su antolatu dituzte hiriko gune publikoetan. Hemen topatuko duzu horiei buruzko informazioa.

  • San Joan sua Saguesen. EFE

    San Joan sua Saguesen. EFE

Ekainak 23, Donibane bezpera, sua pizten den gaua, jentilen tradizioa da jatorriz, baina Elizak bere egin zuen. Eguzkiari indar gehiago emateko egiten zen, udako solstizioa igaro ondoren indarra galduz doalako, eta egunak laburragoak izaten direlako.

Urtero legez, Donostian, donostiarrek bat egingo dute jaiarekin, eta, aurten ere, Soka Dantza egingo da Konstituzio Plazako arbolaren inguruan, 19:00etan.

Alkateak eta zinegotziek bat egingo dute ekitaldian, Goizaldiko dantzariak eta Txistulari Udal Banda lagun dituztela.

Ondoren, "zuhaitzari su emango zaio eta, tradizioa betez, nahi dutenek azal zati bat eskuratzeko abagunea izango dute. Ekitaldia bukatzeko, Udaleko Txistulari Taldearen eskutik, Erromeria bat izango da", Udalak ohar baten bidez azaldu duenez.

Konstituzio Plazan egitekoa den suaz gain, Donibane bezperako su ugari egingo dira gune publiko hauetan:

1. Aieteko Donibane sua - Aieteko Bizilagunen Elkartea - Lantxabe, 18:00-24:00.

2. Alde Zaharreko Donibane sua - Karramarrotar Gorria Kaiko Jaien Elkartea, 19:30-23:00.

3. Loiolako Donibane bezpera - Loiolako Jai Batzordea, 20:00-23:00.

4. Donibane Festa Martutene - Sarroeta Auzo Elkartea, 22:00-24:00.

5. Donibane Jaiak Intxaurrondon - Plazara Goaz, 22:00-23:45.

6. Donibane sua Amara Berri - Ikasbide Kultur Elkartea, 21:00-23:30.

7. Donibane sua Amara Zaharra - Donosti Berri Elkartea / Mamur Aisialdi Taldea, 22:00-24:00.

8. Donibane sua Antiguako San Juan Jaiak - Antiguotarrak Euskal Dantza Taldea, 22:00-23:30.

9. Donibane sua Herrera auzoetako Jaiak - Herripe Auzo Elkartea, jaia 20:00-24:00.

10. Donibane sua Igeldo auzoetako Jaiak - Ttonttorro Jai Batzordea, 22:00-23:30.

11. Donibane sua Lorea, 17:00-01:00.

12. Donibane sua Oletako Jaiak - Oletako Jaiak San Juan Batzordea, 24:00etatik aurrera.

13. Donibane sua Sagues - Uliako Auzo Elkartea, 19:00-24:00.

14. Donibane sua San Roque, 22:00-24:00.

15. Donibane sua Txomin - Lanberri / Txomin Enea Auzo Elkartea, 21:00-01:00.

16. Udafest Bidebieta - Thamessis Kultur Elkartea, 16:00-24:00.

17. Donibane sua Morlans - Morlanstarrak Auzo Elkartea, 19:00-01:00.

Arreta neurriak

Jarraitu beharreko lehen aholkua udaltzainen aginduei kasu egitea da, horretarako jarritako guneetan eta hartu beharreko kautelazko neurrietan.

Halabar, sua zuhaiztietatik gertu ez piztea aholkatu dute, baita gutxieneko 15 metroko distantzia errespetatzea ere, ibilguiluei, etxebizitzei…dagokienez.

Sua asfalto gainean eginez gero, metalezko txapa bat jarri beharko da, hura babesteko eta kalteak ekiditeko. Egurra soilik erabiltzea aholkatu dute, eta inoiz ez aerosolak, plastikoak edota neumatikoak.

Suaren gainetik salto ez egiteko ere eskatu dute, balizko erredurak ekiditeko, bereziki alkohola edanez gero, gehiegi edateak benetan egoera arriskutsuak eragin ditzakeelako.

Behin jarduera amaituta, sua benetan itzalita dagoen ziurtatu beharra dago.