Gizartea -

San joan suak

San Joan gau magikorako aholkuak eta segurtasun neurriak

Zein materialekin egin behar den, nola piztu, nola zaindu, itzali, zer egin suarekin errez gero… Hemen topatuko dituzu San Joan bezperako suak direla-eta hartu beharreko segurtasun neurri nagusiak.

Distantzia: pilatutako materialaren altuera baino 5 aldiz handiagoa. Argazkia: Lorentxo Portularrume
San joan sua Zarautzen. Argazkia: Lorentxo Portularrume
Distantzia: pilatutako materialaren altuera baino 5 aldiz handiagoa. Argazkia: Lorentxo Portularrume

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

San Joan eguneko bezperan, ekainaren 23an, piztuko diren suak direla-eta, larrialdietarako zerbitzuek, erakundeek eta suhiltzaileek gomendio sorta bat zabaltzen dute, urtero, sua nola erabili behar den azaltzeko.

Zer ziurtatu behar da sua egin baino lehen?

Ezer egin aurretik, sua egiteko materialik egokiena egurra dela jakin behar da. Ez dira oihalak ez paperak erabili behar, haizeak erraz eraman baititzake, eta sua beste gune batzuetara zabaldu.

Suarekiko zaindu beharreko distantzia pilatutako txondorraren altuera baino bost bider handiagoa izan behar da. Hau da, piztu baino lehen bi metroko altuera baldin badauka, gutxienez hamar metrora egon beharko dugu ikusteko.

Ingurua garbitu, eta material erregairik ez dagoela ziurtatu.

Sua piztu baino lehen, kontuan hartu baldintza meteorologikoak, bereziki, haizea badabil.

Udalari jakinarazi egin behar zaio sua egingo dela, baimena behar baita.

SOS Deiak zerbitzuaren gomendioen arabera, inguruan bizi diren auzokideek leihoak eta balkoiak itxi behar dituzte, eta lehortzen jarritako arropa jaso.

Ez erabili erregairik sua pizteko (gasolina, alkohola…).

Sua piztuta dagoen bitartean?

Ez jaurti objektu toxiko edo sukoirik sutara, ezta horren ingurura ere. Esprai, latak, zaborra, plastikoak eta antzekoak baztertu, ke toxikoa sor dezakete-eta.

Gutxienez, pertsona heldu bat egon behar da une oro sua zaintzen.

Sua itzaltzeko materiala eskura izan behar da; ura duen mahuka bat, suteetarako hauts itzaltzaileak edo su-itzalgailuak.

Ez egin salto suaren gainetik, ezta gehiegi hurbildu ere.

Sua egin ondoren, alde egin aurretik?

Txingar edo brasa oro itzali, ura, hondarra edo lurra erabilita.

Baieztatu erabat itzalita dagoela.

Suarekin errez gero zer egin behar da?

Suarekin erretzen bagara, erretako azala urarekin 15 minutuz bustitzea gomendatzen du Bizkaiko Foru Aldundiak. Adi, ezin da pomadarik eta desinfektatzailerik erabili.

Gainera, erredura "sakona edo zabala" baldin bada, 112 zenbakira deitu eta erietxera joan, erretakoa estali gabe utziz edo, gehienez, serumarekin bustitako gazazko zapi batekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostiako informazioa Iruñea Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Albisteak Nafarroa Araba Gizartea albisteak Gasteiz Albisteak Jaiak San Joan suak azken ordukoa