Itxi

Herriak eta Hiriak

Sutea

Etxe bat hustu dute Elizondon sute baten ondorioz

Agentziak | Erredakzioa

Eraikinaren ondoan aparkatuta zegoen jeep batek su hartu du, eta keak eta sugarrek kalteak eragin dituzte fatxadan. Hala ere, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, ez da inor zauritu.

  • Elizondon kaltetutako eraikina

    Elizondon kaltetutako eraikina. Argazkia: @gob_na

Ibilgailu batek su hartu du Elizondon, eta kalteak eragin ditu eraikin batean. Ibilgailua eraikinaren ondoan aparkatuta zegoen, eta kearen eta sugarren ondorioz, eraikina hustu behar izan dute. Hala ere, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, ez da inor zauritu.

Kaltetutako eraikina Burua plazako 5. zenbakian dago, eta 03:10 aldera piztu da sutea.

Eraikinaren aldemenean aparkatuta zegoen jeep ibilgailu batek, antza, matxura izan eta su hartu du; sugarrek eraikinaren fatxadari, leihoei, pertsianei eta etxeko teilatu-hegalari eragin diete.

Elizondoko Polizia-etxeko agenteek eraikina hustu dute, baina inork ez du osasun-laguntzarik behar izan.

Halaber, gasaren kontagailuan kalteak izan dira, eta, ondorioz, Oronozko suhiltzaileek gas horniketa moztu, eta teknikariei deitu diete, instalazioa aztertzera bertaratzeko.

Suhiltzaileek erabat kiskalia gelditu den jeeparen sugarrak itzali dituzte, baita eraikineko elementuenak ere.

Etxe barruan karbono monoxido maila konprobatu ostean, bizilagunak euren etxeetara itzuli dira, 05:10 aldera.

Foruzaingoak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.