Itxi

Herriak eta Hiriak

DONOSTIAKO SARRERA-IRTEERAK

Marrutxipiko sarbide berriak Gros, Egia eta Intxaurrondorako sarrera hobetuko du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

GI-20 errepiderako lotune berriak zirkulazioa arinduko du Karlos I.aren hiribidean, Loiolako Erriberetan, Urumea pasealekuan edota Garberako biribilgunean. Lanak 2020. urtean hasiko dira.

0:43
Sarrera berria

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak lotune bat egingo dute GI-20 errepidean, Marrutxipin. Sarbide berriak Egia, Gros eta Intxaurrondo auzoetarako sarrera hobetzeaz gain, hiriko zenbait tokitako zirkulazioa arinduko du: Karlos I.aren hiribidean, Loiolako Erriberetan, Urumea pasealekuan, Garberako biribilgunean eta Otxoki pasealekuan, esaterako. Halaber, lotune berriak Ategorrietatik eta Ipar Intxaurrondotik sartzeko eta irteteko aukera emango du, eta horrek hiritik irteteko beste bide batzuk arintzeko lagunduko du, esaterako, Frantzia pasealekua eta Federico Garcia Lorca.

Lanak 2020. urtean hasiko dira. Udalak eta Aldundiak egindako kalkuluen arabera, zazpi milioi euro inguruko kostua izango dute lanek. Bi erakundeen artean ordainduko dute azpiegitura berria, baina ez dute zehaztu bakoitzak zenbat diru jarriko duen. Diputazioak esaterako egikaritze proiektua idazteko partida bat aurreikusi du aurtengo Aurrekontuetan.

Proiektuaren arabera, lotunea Polloe eta Intxaurrondoko tunelen artean kokatuko da, galtzadaren azpian, eta norabide guztiak hartuko ditu (Irun-Zarautz, Zarautz-Irun).

Lotune berria amaitzean Carlos I.a etorbideko sarrera kentzeko aukeraz galdetuta, Eneko Goia alkateak zuhurtziaz hitz egin du eta proiektu berriak nolako emaitza ematen duen ikusi arte itxaron behar dela azpimarratu du. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak, ostera, irmo hitz egin du eta, "momentuz", Foru Aldundiak sarrera hori eraisteko asmorik ez duela azaldu du.