Itxi

prentsa oharrak

'Mezularia'

Nola kendu plastikoa itsasotik eta mendietatik?

eitb.com

Europako Batzordeak plan pilotua jarriko du martxan Mediterraneoan: arrantzaleak plastiko bila ateratzea arrainetan aritzerik ez duten urte sasoietan.

Itsasoan dagoen zaborra, itsasoan dabilenak bakarrik ikusten du, baina datuek erakusten dute asko dela zabor hori eta gehiagora doala. Adibidez, Itsaso Barean, Hawai eta Estatu Batuen artean, bada ingurune bat “Plastiko zopa” deitzen dutena. Frantzia, Espainia eta Portugal adinako gainazala plastikoz josia.

Baina jakina, ez dago Hawairaino joan beharrik itsasoan plastikoa topatzeko. Gure itsasertzera hurbildu besterik ez da egin behar, edo itsasgora zakarra dagoenean, hondartzak nola geratzen diren ikustera.

Itsasoko plastikoen kontu hau atera dugu, Europako Batzordeak plan pilotua jarriko duelako martxan Mediterraneoan; Frantziako Kosta Urdinean hain zuzen ere. Planak prosatzen du arrantzaleak plastiko bila ateratzea arrainetan aritzerik ez duten urte sasoietan. Maria Damanaki, Europar Batasuneko Arrantza komisarioak, egin du proposamena.

Greenpeace talde ekologistak ez du begi onez ikusten ekimen hau. Diotenez, plastikoak itsasora ez heltzea litzateke lehenbiziko helburua, hala nola arrantza jasangarria egitea.

Bestalde Mediterraneoko kofradiek abantailak aipatzen dituzte. Plastikotara irtetzen diren bitartean, arrantza-lekuak errekuperatu egingo liratekeela baieztatzen dute; arraina hazi eta ugalduko litzatekeelako.

Espainiako Ingurumen Ministerioak, bere partetik, adierazi du ez dela errentagarria. Batetik subentzioak eman beharra dagoelako eta bestetik gasoilaren garestitzea dela eta.