Amarauna
Errefuxiatuak
'Mediterraneo itsasoan kulturak eta hizkuntzak ari dira hondoratzen'
"Harresirik gabeko lurraldeak" lemapean, Lampedusara joango dira astelehenean Errenteriako Mikelazulo Elkarteko kideak. Hondarribitik Katsikasera materiala bidaltzeko kanpaina jarriko dute abian
-
27:16 min
Pelagiar Irlen Artxipelagoko irlarik handiena da Lampedusa. Italiako Siziliako eskualdean dago, Mediterraneo itsasoan. Luxuzko turismoaren helmugetako bat da irla lehor eta eguzkitsu hau. Afrikatik Europatik baino gertuago dago. Geografikoki gertu egon arren, gerratik ihesi datozenentzat oztopoz eta zailtasunez betetako lehen harrera-gunea da Lampedusako lurra, baita milaka migratzaileren heriotzaren lekuko mutua ere.
2015eko apirilaren 8an. Mediterraneoko irla honen izenak tragediarekin bat egin zuen betirako, 800 lagun Lampedusako itsasertzetik 120 miliara itota hil zirenean. Ordutik gaur arte bakarrik, 3000tik gora migratzaile hil da Mediterraneoan.
Lampedusara edo Mediterraneoko beste irla edo punturen batera iristea lortzen dutenek ez dute, hala ere, beren bidea jarraitzeko erraztasunik aurkitzen. Atzean utzitako gerraren ostean, Europaren muga itxiekin eta etengabeko giza eskubideen urratzearekin egiten dute topo.
Siziliako Lampedusa bezala, Greziako irletara ere milaka migratzaile iristen dira egunero… Lesbos, Kios, Samos edo, besteak beste, Katsikas irlara. Guztietan, oztopo burokratiko eta polizialen gainetik, elkartasun sareak osatu dira. Hain zuzen ere, astelehen honetan, hilaren 22an, bai Lampedusarekin eta bai Katsikasekin, Euskal Herriko boluntarioek bat egingo dute.
Errenteriako Mikelazulo Elkarteko hamahiru lagun Lampedusara joango dira, astebeterako, "Harresirik gabeko lurraldeak" egitasmoaren baitan, eta bertan lanean diharduten boluntario italiarrekin bat egingo dute, eta irlaren berri jasoko dute, itzultzean, bertan bizi, sentitu eta hausnartutakoa zabaltzeko asmoarekin. Beñat Irasuegi eta Jose Ramon Gurrutxaga “Txokolo” Lampedusara joango dira eta beraiekin berba egiteko aukera izan dugu. Baita Marije Zapirain eta Edurne Noguerasekin ere. Hondarribiko bi boluntario hauek Katsikasera josteko makinak eta beste material batzuk jasotzeko kanpaina abiatu dute.