Artea
Bilboko Arriaga Antzokian
'Xabinaitor', euskal superheroia, antzezlana bihurtu da
Erredakzioa
Martxoaren 22an eta 23an Patxi Gallegoren komikian oinarritutako antzerki-muntaia helduko zaigu. Gorringo konpainiak ekoiztuta, guztira, hiru saio eskainiko dituzte Bilboko Arriaga Antzokian.
Komikietako orrialdetik antzokiko eszenatokirainoko saltua eman du Xabinator pertsonaiak. Martxoaren 22an eta 23an, astelehena eta asteartea, Bilboko Arriaga Antzokian izango dugu ikusgai Gorringo konpainiaren eta Patxi Gallegoren komikian oinarritutako umorezko antzezlan hau.
Euskarazko antzezlan honek EGA tituluduna den superheroi bakarraren abenturak kontatzen dizkigu. Mikel Pagadizabalek, Mikel Laskurainek, Egoitz Lasak, Ainere Tolosak, Isabel Agirresarobek, Asier Sotak eta Anjel Alkainek interpretatuko dituzte ''Xabinator'' obraren pertsonaiak.
Zuzendaritza Anartz Zuazaren eskutik dator eta antzerkirako egokitzapen lanak Nagore Aranburuk burutu ditu. Gorringo konpainiak ikusentzunezko lan asko ekoiztu ditu, haien artean, ETB-1-ko Wazemank saio arrakastatsua.
Hilaren 22an saio bakarra eskainiko dute: arratsaldeko 20:00etan. Hilaren 23an, bestalde, bi izango dituzte: bata, goizeko 11:00etan eta arratsaldean, bestea, 20:00etan. Emanaldiak ordubete eta 15 minutuko iraupena du eta sarrerak salgai daude Arriagako txarteldegietan, 4,80 eta 18 euro bitartean.