Itxi

Artea

Azaroaren 26tik 28ra

Gilbert Shelton eta Stuart Immonen, Getxoko Komiki Azokan

Erredakzioa

'The Fabulous Frak Frothers' bildumaren egilea da Shelton. Immonen, aldiz, 'Superman' eta 'X-taldea' serieengatik dugu ezagun. Frederik Peeters ere etorriko da, Europako komiki berriaren adierazlea.

Ate joka dugu Getxoko Komiki Azoka, eta hasi gara ezagutzen aurten bertara gerturatuko diren egileen izenak. Azaroaren 26tik 28ra, Gilbert Shelton, Stuart Immonen eta Frederik Peeters egileak izango dira geurean. The Fabulous Frak Frothers bildumaren egilea da Shelton, eta Immonen, aldiz, Superman, Hulk, The Legion of Super Heroes, X-taldea, Lau izugarriak, Ultimate X-Men eta Spider-Man serieetan egindako lanagatik dugu ezagun. Frederik Peeters da aurtengo hirugarren egilea, Europako komiki berriaren adierazlea.

Gilbert Shelton (Houston, Texas, 1940), Ameriketako Estatu Batuetako komiki alternatiboaren sortzaile ospetsuenetako bat da. Wonder Wart-Hog pertsonaiaren eskutik sortu zuen super-heroien parodia arrakastatsuak egin zuen ezagun. The Fabulous Frak Frothers eta Fat Freddy''s Cat lanak ere bereak dira.

Stuart Immonen ilustratzaile kanadarra izango da aurten beste izen nagusienetako bat. 1993an Marvel eta DC Ameriketako Estatu Batuetako bi argitaletxe handienentzat lan egiten hasi zen. Horien eskutik bilduma ospetsuetan lan egin du: Superman, Hulk, The Legion of Super Heroes, X-Men, Fantastic Four eta Spider-Man serie ezagunetan.

Frederik Peeters (Geneva, 1974) Europako komiki berriaren adierazle nagusietakoa da. 2001ean Píldoras azules eleberri grafiko ospetsua kaleratu zuen, eta bereak ditu ere Lupus, Koma saga, RG lanaren bi liburuak, Paquidermo eta Dándole vueltas istorio-bildumak.