Itxi

Artea

Espainian, lehen aldiz

Carlisle Floyden 'Susannah' opera, Bilboko Euskalduna Jauregian

Erredakzioa

AEBetako opera antzeztuenetakoa 50eko hamarkadan girotuta dago, eta egilea bera gurean dugu, estreinaldia bertatik bertara ikusteko.

Urriaren 16an, Carlisle Floyden Susannah opera taularatuko dute Bilboko Euskalduna Jauregian. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) opera-lanen artean gehien antzeztu den lanetako bat baldin bada ere, Bilboko emanaldia dugu opera honen estreinaldia Estatuan. Urriaren 16an, 19an, 22an eta 25ean izango da ikusgai, OLBE Opera Lagunen Bilboko Elkarteak programatuta. Carlisle Floyd (1926) egile estatubatuarra ere Bizkaiko hiriburuan dugu, estreinaldia dela-eta.

Bi ekitaldiko drama musikala da Susannah, Susanna and The Elders lanaren moldaketan oinarrituta. Floydek egokitu zuen oinarrizko testua. Susannah Polk gaztea dugu bertan protagonista, eta Ameriketako Estatu Batuetako Tennesseeko herri txiki batean girotuta dago. Gizarte itxi batean bizi da neska, eta bertako bizilagunek bekataritzat jotzen dute Susannah Polk errugabea. Latonia Moore sopranoa (AEB), Stuart Skelton tenore australiarra eta James Morris baxu estatubatuarra dira hiru ahots protagonistak.

Floydek berak prentsaurrekoan esan duenez, 50eko hamarkadan girotuta dago, ''''AEBetako garairik ilun eta gogorrenean'''', Joseph McCarthy senatari errepublikanoak komunisten eta homosexualen aurka egindako jazarpenari erreferentzia eginez. Floydek gogoratu duenez, garai hark eragina izan zuen Susannah lana moldatzerakoan. Izan ere, ''''salaketa bera erru bihurtzen da lan honetan, eta inork ez du errugabea defendatzen; hori da totalitarismoaren abiapuntua'''', adierazi du.

Feminismoaren mugimenduarentzat, gainera, ia-ia sinboloa ere bada Susannah egilearentzat. ''''XIX. mendeko emakume heroiak negartiak ziren; Susannah, aldiz, gogorra, zintzoa, eta sakona da'''', gaineratu du.

Erromantizismoaren osteko opera da Susannah, eta bertan Ameriketako Estatu Batuetako folk musika, gospela eta Broadwayko musikaletatik doinuak entzun daitezke.