Artea
Lehiarik gabeko erosketa
350.000 euro, Bilbon enkantean atera duten Murilloren margolanagatik
Erredakzioa
Eskaintza bakarra egin dute, telefonoz. Lehenengo Legarda markesaren erretratua da saldutakoa, eta Sevillako margolariari egotzi diote.
Bartolome Esteban Murillo artistaren margolan bat enkantean saldu da Bilbon, 350.000 eurotan. Hasierako prezioan eraman du erosleak, telefonoz eskaintza egin ostean. Bera izan da lehen Legarda markesaren erretratua erosteko interesa agertu duen bakarra.
Bilboko Subastas Bilbao XXI enkante-etxean egin da erosketa, eta bertako arduradunek adierazi dutenez, orain arte Madrilgo bilduma pribatu bateko pieza izan da gaur saldutakoa. Jabeek Gasteizen bizi ziren Legarda markesen oinordekoei erosi zieten 2004an.
240 cm luze eta 188,5 cm zabal den oihal gaineko olio-pintura bat da, eta 1662 eta 1664 bitartean margotu zuen Murillok. Bertan Maria Francisca Coterillo y Ortega andrea ageri da, ehizarako jantzia soinean duela. Legarda markesaren erretratu hau Ehiztaria margolan ezagunaren bikotea da (Antonio Hurtado de Salcedo y Mendoza markesaren senarra dugu protagonista Ehiztaria lanean).
Murilloren margolana ez da enkantean irten den artelan bakarra, ordea. Manuel Cabral eta Agudo Bejerano, Adam Pynacker, Aurelio Arteta, Jose Arrue, Celso Lagar, Angel Zarraga eta Benjamin Palencia artisten lanak, eta Chillidaren, Tapiesen eta Picassoren grabatuak ere izan dira salgai.