Itxi

Artea

Argazki erakusketa

'Deustu: mende bateko irudiak' bilduma: Bilboko auzoa, zuri-beltzean

Erredakzioa

Guztira 260 argazki zahar bildu dituzte, eta horietatik 110 kalean daude ikusgai. Azaroaren 23an Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariek Deustuko historia berrikusiko dute, bertsotan.

''Deustu: mende bateko irudiak'' argazki bilduma ikusgai dugu jada Bilboko izen bereko auzoan. Garai bateko irudien bidez, Bizkaiko hiriburuko auzo ezagun honen historia eta garapena aztertzeko aukera ematen du erakusketak. Guztira 260 argazki bildu dituzte, eta horietatik 110 kalean ditugu ikusgai, atzetik argiztatutako paneletan. Zehazki Done Petri plazan eta Levante plazan kokatu dituzte argazkiok.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatu du erakusketa, eta Txema Luzuriaga historialariak bildu ditu argazkiak. Kalean ikusgai dauden ehun bat irudi horiek bi ataletan banatu ditu Luzuriagak: Done Petri plazan kokatutako argazkiek Bilborekin bat egin aurretik elizatea nolakoa zen erakusten digute. 1925a baino lehen Deustun bizi ziren hiritarren irudiak dira, beraz. Levante Plazakoek, aldiz, San Inazio, Elorrieta, Arangoiti, Erribera, Ibarrekolanda, Sarriko eta Done Petri auzoen garapena islatzen dute, 1925etik aurrera.

Gainera, hilaren 23an ''''Deustuko argazki zaharrei begira bertsotan'''' ekimena ere egingo da bilduma honetako argazkiak oinarri hartuta. Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariekin Deustuko historia berrikusteko aukera izango da, bertsotan.

Argazki gehiago, telebista pantailatan

Bidarte eta San Inazio-Ibarrekolanda kultura-etxeetan, eta Bidarte Merkatal gunean, gainera, beste 150 argazki ikusteko aukera ere egongo da. Hiru stand jarriko dituzte bertan, argazkiok telebista pantailatan ikusteko.

Era berean, Deustuko hiritarren testigantzak eta oroimenak jasotzeko bideo bat egitea ere aurreikusi du Udalak, gerora bilbao.net webgunearen bitartez hedatzeko.