Artea
Aurrekontuari aurre egiteko
Sarrerak, babesleak eta alokairua, San Telmo museoaren apustuak
Erredakzioa
Apirilean irekiko ditu ateak Donostiako San Telmo museo berriak. Lehenengo urtean 140.000 bisitari espero dituzte. Sarrerak 5 euroko prezioa izango du.
Erakusketa handiagoak egiteak, langileen kopurua handitzeak eta ordutegia zabaltzeak (aurrerantzean asteartetik igandera bitartean irekiko dute museoa) eragin dute aurrekontua handitzea, Denis Itxaso Donostiako Udaleko Kultura zinegotziak jakinarazi duenez.
Apirilean irekiko ditu ateak Donostiako museoak, eta eraikin berriaren plan ekonomikoa eta ordutegi berria aurkeztu ditu ostegun honetan Itxasok.
Azterketa ekonomikoaren arabera, 2011n 4.777.100 euroko gastua izango du guztira. Arduradunek 1,5 milioi euro lortzea espero dute, eta horretarako sarreren, babesleen eta alokairuaren aldeko apustua egingo dute (leihatilan 210.000 euro, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik 700.000 euro, babesle pribatuetatik 420.000 euro, espazioen alokairutik 115.800 euro, eta kafetegian 50.000 euro). Donostiako Udalaren ekarpena 3.281.300 eurokoa izango da, museoaren gastu finkoa bere gain hartzen baitu.
2011ko apiriletik 2012ko hilabete berdinera 140.000 bisitari espero dituzte San Telmo museo berrian, eta hurrengo urteetan 120.000 bisitarira jaistea espero dute. Horrela, Artiumen eta Bilboko Arte Eder museoaren emaitzetara hurbilduko litzateke Donostiako museoa.
Sarrera orokorrek bost euroko prezioa izango dute, eta murriztuek (ikasleentzat, 65 urtetik gorakoentzat eta taldeentzat) 3 eurokoa. Dena den, egongo da museoaren doan sartzeko aukera ere: 18 urtetik beherakoentzat, langabeentzat, ikastetxeentzat, turismo gidari profesionalentzat eta ICOMeko kideentzat. Astean behin, gainera, doako sarrera egongo da.