Artea
10 urteren ondoren
Ekainean irekiko dute Balenciaga museoa, Getarian
Erredakzioa
Blanca Urgell Kultura sailburuak eman du dataren berri, Eusko Legebiltzarreko Kultura Batzordean.
Balenciaga museoa ekainean irekiko dute, Getarian, hamar urteko eraikuntza prozesu konplexu baten ondoren. Cristobal Balenciagaren museoak
jostunaren ehun bat soineko erakutsiko ditu, eta goi-mailako jantzigintza eskola ere hartuko du.
Blanca Urgell Kultura sailburuak eman du museoa irekitzeko dataren berri, Eusko Legebiltzarreko Kultura Batzordean. Museoaren eraikuntza faseen errepasoa egin du Urgellek bertan, eta proiektuaren kudeaketan ustez aurkitutako irregulartasunak argitzeko irekitako prozesu judizialaz ere aritu da.
Orain hiru urte inguru hasi ziren ustezko delitua aztertzen, Balenciaga fundazioak eta Berroeta Aldamar elkarteak Camioren aurka Gipuzkoako Fiskaltzan jarri zuten salaketa baten ondorioz. Getariako Balenciaga museoaren proiektua garatzeko ardura zuten bi elkarte hauek, eta alkate ohiak bertako buru gisa ustez egin zituen irregulartasunak salatu zituzten Fiskaltzan.
Kasuan hiru dira salaketa jaso dutenak: Julian Argilagos Kubako arkitektoa (ekainean bertan deklaratu beharko du, Estatu Batuetatik, bideokonferentzia bidez), Mariano Camio (EAJ) eta Rolando Paciel arkitektoa.
Hamar urtez luzatu da Balenciaga museoa eraikitzeko prozesua, ustezko ustelkeria kasua argitzeko ikerketa judizialak lanak geldiarazi zituelako, eta arkitektoa aldatu beharra ere egon zelako.