Artea
Chillida-Leku irekitzeko
Chillidatarrak hitz egiteko prest, Urgelli igorritako eskutitz batean
Erredakzioa
Chillidatarrek eskutitz bat igorri diote Blanca Urgell sailburuari, azken honekin familiarekin harremanetan jartzeko agertu dituen ''zailtasunen aurrean''. EiTBk eskutitza eskuratu ahal izan du.
Asteazken honetan, Eduardo Chillida artistaren oinordekoek eskutitz bat igorri diote Blanca Urgell Kultura sailburuari, azken honek familiarekin harremanetan jartzeko plazaratu dituen ''''zailtasunen aurrean''''. Zehazki, Blanca Urgellek Legebiltzarreko Batzordean esandakoei erantzun nahi die eskutitzak, eta, horren harira, familiak ukatu egin du eurekin komunikatzea zaila izan dela.
Era berean, erakundeekin izandako negoziaketen errepasoa egin dute. Besteak beste, 2009an akordioa lortzekotan egon zirela esan dute, museoa erakundeei 122 milioi euroan utzita. Gobernu berriaren etorrerak, baina, eten egin omen zuen prozesua.
Bestalde, familiakoek eskatzen duten beto eskubidea Chillidak nahi zuen bezala gordetzeko dela esan dute, etorkizunean izan daitezkeen aldaketak eragozteko. Gutuna amaitzeko, baina, chillidatarrak museoaren kudeaketa uzteko prest agertu dira. Sailburuak Chillida-Lekuko atea irekita duela, eta bide berriak jorratu behar direla ere adierazi dute.
Hemen duzu eskutitza.