Itxi

Literatura

Euskaltzaindiaren webgunean

Hiztegi Batua eta Lexikoaren Behatokia, Interneten kontsultagai

Erredakzioa

Bi tresna lexikal berri hauek aurkeztu ditu gaur Euskaltzaindiak Bilbon, "Hiztegi Batua. Irizpideak, prozedurak eta tresnak" jardunaldietan.

Bi tresna lexikal berri izango dira gaurtik aurrera kontsultagai Euskaltzaindiaren webgunean: Hiztegi Batua Oinarriduna (HBO) eta Lexikoaren Behatokia.

Hizkuntza tresna hauen jendaurreko aurkezpena Hiztegi Batua. Irizpideak, prozedurak eta tresnak jardunaldietan egin du Euskaltzaindiak.

Bilboko egoitzak hartu duen aurkezpen ekitaldiaren helburua Euskaltzaindiak Hiztegi Batuari dagozkion erabakiak hartzeko zer irizpide, lan prozedura eta tresna erabiltzen dituen erakustea izan da.

Andoni Sagarna, Jose Antonio Aduriz eta Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lantaldearen kideak izan dira hizlariak.

Hiztegi Batua Oinarriduna

Hiztegi Batua Oinarriduna (HBO) datu-basea da, dokumentazio alor batez eta Hiztegi Batuaz osatua. Interneten bidez edozein erabiltzailearen esku egongo dira tresnak Hiztegi Batua Oinarridunaren webgunean.

Dokumentazio atalean Hiztegi Batua landu denean egin diren txostenak, iritzi-emaileek edo euskaltzain osoek egin dituzten oharrak eta hartu diren erabakien zergatiak daude bertan gordeta.

Lexikoaren Behatokia

Honekin batera, Lexikoraren Behatokia ere aurkeztu dute. Egitasmo honek ikerketarako eta kontsultarako testu-corpusa prestatzea du oinarrizko lan. Corpus hori osatzeko, Akademiak hitzarmenak sinatu ditu zenbait komunikabiderekin, EITBrekin, Berria-rekin, Argia-rekin eta Deia-rekin, besteak beste.

Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi duenaren arabera, “beharrezkoa ikusten dugu prozedura berri horren albiste ematea, prozedura berri hori zabaltzea jendearen artean", azaldu du, "eta batez ere, euskalgintzaren aldetik, egunero lanean hizkuntzarekin dabilen jendearen artean".