Literatura
161 poema berri
Blas de Oteroren argitaragabeko lana kaleratu dute
Erredakzioa
'Hojas de Madrid con la Galerna' da liburuaren izena. Guztira 306 olerki biltzen ditu, eta horietatik 161 dira orain arte argitaratu gabekoak. Hil aurretik paper-zorroetan gordeta utzi zituen.
Galaxia Gutenberg-Círculo de Lectores argitaletxeak Hojas de Madrid con la Galerna izeneko lana argitaratu du, Blas de Otero egile ezagunaren argitaragabeko poemak biltzen dituen liburua. Gerra osteko Espainian poesia soziala landu zuen egile nagusienetako bat da Otero (Bilbo, 1916ko martxoak 15-Madril, 1979ko ekainak 29), eta hil aurretik argitaratu gabe utzi zituen lanak bildu dituzte Hojas de Madrid con la Galerna lana berri honetan.
Guztira 306 olerki batu dituzte: horietako batzuk hainbat aldizkaritan agertu ziren bere garaian, sakabanatuta; baina 306 olerki horietatik 160 lehen aldiz kaleratu dira. 63 urte zituela hil zen bilbotarra, eta hil aurretik paper-zorroetan gordeta uzti zituen lanok. Orain kalean dira, Sabina de la Cruz bere bikotearen lanari ezker. Bi egileren laguntza izan du Sabinak lan honetan: Mario Hernandezena eta Nicanor Velezena. Hernandezek lanaren hitzaurrea idatzi du; Velez, aldiz, olerkari bilbotarraren lan guztiak bilduko dituen argitalpenaren arduraduna da.
''''Aurkikuntza bat da lan hau'''', esan du Sabinak. ''''Olerkari berria ageri da bertan, umorea ere landuko duen egile berria. Espainiako Itzuliaren inguruko olerki bat ere irakur daiteke lan berrian. Telebista aparailua erostearen kontra agertu zen denbora luzean, irakurtzeko astia kenduko ziola uste zuelako. Baina azkenean, erosi egin zuen, eta txirrindulariekin liluratuta geratu zen'''', azaldu du de La Cruzek.
Eguneroko baten antzera irakurri daiteke Hojas de Madrid con la Galerna, eta irakurleak egilearen bizitzaren pasarteak kronologikoki ezagutzeko aukera izango du horrela. Ironia eta umorea aurkituko omen du orrialde horietan, lana honen sorkuntza hasi zuenean Blas de Oterori tumore bat aurkitu berri bazioten ere.