Itxi

Literatura

Literatura

Vargas Llosa: 'Luma eskuan dudala harrapatuko nau heriotzak'

Erredakzioa

Literatura Nobel saridun berriak 'El sueño del celta' bere azken eleberria aurkeztu du. Liburu-dendetan dugu jada, 500.000 aleko tiradarekin.

Mario Vargas Llosa idazleak, 2010eko Literatura Nobel saridunak, El sueño del celta bere azken eleberria aurkeztu du Madrilen. Liburu-dendetan dugu jada Vargas Llosaren azken lana, eta 500.000 aleko tiradarekin irten da kalera (horietatik erdia Espainian jarriko dituzte salgai).

Roger Casement dugu eleberri honetan protagonista. XX. mende hasieran Britainia Handiko kontsula izan zen Casement Kongon, egilearentzat ''''pertsonaia liluragarri eta ameslaria''''. ''''Erdi heroi, erdi gizonezko arrunta, ahuleziak eta kontraesanak ere bazituen Casementek'''', gogoratu du idazleak.

Kolonialismoak Kongon eta Amazonian egindako sarraskiak Europan salatzen lehenetakoa izan zen Roger Casement (1864-1916). Vargas Llosarentzat pertsonaia honen bizitzak agerian uzten du ''''legezkotasuna desagertzen denean, eta indartsuenaren legea nagusitzen denean, basakeria agerian gelditzen dela''''.

Eleberria idaztea ''''abentura handia'''' izan da Vargas Llosarentzat. Kongora eta Irlandara egin du bidaia, eta garai konplexuetan murgildu beharra ere izan du.

Nobel saria eskuratu duenetik, bere lan errutina bertan behera gelditu dela esan du idazleak. Dena den, egoera bere horretara buelta dadin itxaropena ez omen du galdu Vargas Llosak. ''''Eleberri onak idazteko ametsari ekin nahi diot berriz. Luma eskuan dudala harrapatuko nau heriotzak'''', gaineratu du.