Itxi

Literatura

66 urte zituela

Azken agurra Xabier Leteri

Erredakzioa

Atzo eguerdian erraustu zuten gorpua, eta gaur bere aldeko elizkizuna egingo dute Urnietako elizan, 19:00etan.

  • Xabier Lete. Argazkia: EITB

    Xabier Lete. Argazkia: EITB

Senitartekoak, lagunak, euskal artistak eta ordezkari politikoak izan ziren Hernanin, Xabier Leteren hil-kaperan, euskal artistari azken agurra emateko. Euskal artista larunbatean hil zen 21:30ean Donostiako Ospitalean, gaitz luze eta larri batek jota. Ostiraletik zegoen erietxean sedatuta eta medikuak ezkor agertzen ziren.

Atzo erraustu zuten gorpua 11:30ean Donostiako Polloe ehorztetxean eta gaur, asteartean, bere aldeko elizkizuna egingo dute, Urnietan, 19:00etan, bertan eman baitzituen bere bizitzaren urte gehienak.

Erreakzioak

Patxi Lopez lehendakaria Xabier Leteren heriotzari buruz mintzatu zen. "Euskal gizarteak asko zor" diola adierazi zuen, izan ere, "une txarrenetan ere gizakiaren duintasunak mugarik ez duela erakutsi digu". Era berean, Letek utzitako ondarea "haizeak inoiz eramango ez dituen milaka hitzez eta soinuz osatuta" dagoela gaineratu zuen lehendakariak. "Euskarak aurpegi eta izen anitz ditu, milaka emakume eta gizon, euskararen alde etengabe lan egin dutenak".

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua nahigabetuta azaldu zen "olerkari eta kantari handia" galdu dugulako. "Ikuspegi humanistari sendo eutsi zion erreferente handia galdu dugu", esan zuen Urgellek. Gainera, Leteren "demokraziaren gaineko balioa" azpimarratu zuen. "Guztiok botako dugu faltan", gaineratu zuen.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak antzera hitz egin zuen. "Hunkituta" hartu zuen Leteren heriotza, "euskal arimaraino heldu baitzen". "Bere herriarekin eta garaiarekin konpromisoa hartu zuen", azaldu zuen ahaldunak, "eta gure euskal nortasunaren funtsezko zatia" izan zen oiartzuarra. Hil bada ere, "bere ondare handia gurean izango dugu betiko", esan zuen Olanok.

Omenaldia, Durangoko Azokan

Euskal kulturaren funtsezko erreferentea igande eguerdian omendu zuten Durangoko Azokan. Azokara bertaratu zirenak Landako gunearen aurrean bildu ziren eta, Euskal Kantuzaleen Elkartekoekin batera, "Xalbadorren heriotzean" abestu zuten Leteren omenez. Bat-bateko kantaldi xume horrekin batera, egunean zehar Ahotsenean ere izan zuten gogoan aurkezpenetan parte hartu zuten sortzaileek.

Gainera, Urnietako udal ordezkariek ez ohiko osoko bilkura egin zuten, Letek "euskal kulturari egindako ekarpen unibertsala" aitortzeko. Euskal artista Oiartzunen jaio zen, baina bizitza osoa Urnietan eman zuen.