Musika
Munichen
U2 taldeko Bono abeslariari premiazko ebakuntza egin diote
Erredakzioa
Bizkarrean egin diote ebaketa, 2010eko biraren antolaketan izan duen lesio batek behartuta.
Paul McGuinness taldeko bozeramaleak eman du berria jakitera, taldearen web gunetik bertatik. Beranduago bada ere, ekainaren 3rako aurreikusita zegoen kontzertua egitea espero du McGuinnessek, baina ez du oraindik datarik eman.
Bozeramalearen hitzetan, oraindik egun batzuk emango ditu Bonok Municheko ospitalean, eta handik Irlandara egingo du bidaia, etxean behar bezala sendatzeko. Abeslariaren egoerak hobera egin ahala emango dute biraren aldaketen berri. Aldaketarik ez badago, Estatu Batuetako eta Kanadako hainbat hiritan kontzertuak eskaini ondoren iritsiko da bira Europara, uda bukaeran. Zenbait hiritan arituko dira U2 taldekoak, eta horien artean dago Donostiako hitzordua: irailaren 26rako espero dituzte taldekideak Gipuzkoako hiriburuan. Ordu gutxitan agortu ziren emanaldi horretarako sarrerak.