Itxi

Musika

Uztailaren 5era arte

Jerry Gonzalez & Fort Apache, Getxoko Jazz Jaialdian

Erredakzioa

Charles Lloydek jaialdia inauguratu zuen atzo. Gainera, Dave Douglas, Dee Dee Bridgewater eta David Sanborn ere Getxon izango dira, jazz onena eskaintzeko asmoz.

Charles Lloyderen eskutik etorri zaigu Getxoko Nazioarteko Jazz Jaialdiaren 34.edizioaren hasiera. Ostiral honetan, Jerry Gonzalez &' || 'amp; Fort Apache zuzenean arituko da. 70eko hamarkadan nabarmendu zen Gonzalez, Afrikako eta Karibeko doinuen sustraietan sakondu eta erritmo horiek jazzarekin uztartzen hasi zenean.

Uztailaren 5a arte, 20 emanaldi hartuko ditu Bizkaiko jazz jaialdi ezagunak. Jazzaldiaren erdialdean, uztailaren 3an, Dave Douglas izango dugu Getxoko Nazioarteko Jazz Jaialdian. Bere belaunaldiko tronpeta-jotzaile eta musikagile ezagunenetako bat da Douglas, eta inprobisazioaren arloan nabarmendu da azken hamarkadetan.

Uztailaren 4an, igandean, egungo eszenan aurki dezakegun izen handienetako baten txanda izango da: Dee Dee Bridgewaterren txanda. Getxoko Nazioarteko Jazz jaialdia uztailaren 5ean bukatuko da, astelehenenean, David Sanborn saxofoi-jotzaile ospetsuarekin.

Biotz Alai, erdigunea

Getxoko Biotz Alai plazan egingo dira kontzertu nagusiak eta talde lehiaketa, egunero gaueko 21:00etatik aurrera. Hirugarren Milurtekoa ataleko emanaldiak, bestalde, Algortako Geltokia plazan izango dira, 19:00etan. Urtero bezala, talde gazteek jazz musikari ekarpenak egingo dizkiote, beren freskotasuna erakutsiz. Algortako The Piper''s Irish Pub tabernan izango dira jam sessionsak, Biotz Alai plazako emanaldiak bukatu eta gero.

Euskadiko jazz denboraldian lehen hitzordua dugu Getxokoa, baina zaleek kontuan hartzeko moduko hilabetea izango dute aurretik: uztailaren 11tik 17ra bitartean egingo da Gasteizko Jazz Jaialdia; Donostiako Heineken Jazzaldia uztailaren21etik 25era bitartean izango da; eta Hondarribiako Blues Jaialdia, aldiz, uztailaren 8tik 11ra bitartean egingo dute.