Itxi

Musika

71. edizioa

Errusiako izar handiak, Musika Hamabostaldian

Erredakzioa

Abuztuaren 7tik irailaren 3ra bitartean izango da jaialdia: 80 emanaldi izango dira eta hainbat jarduera, Gipuzkoako udalerrietan.

Errusiako musika garaikidea izango da Donostiako Musika Hamabostaldiaren 71. edizioko protagonista nagusia. Larunbatean emango diote hasiera eta irailaren 3an amaituko da. Lau asteotan 80 emanaldi baino gehiago izango dira eta hainbat ekitaldi izango dira Gipuzkoako herrietan.

Gergiev, Petrenko edo Sokhiev bezalako artista garrantzitsuak izango dira jaialdian. Gainera, momentuko orkestra errusiar ospetsuenek beraien interpretazioak eskainiko dituzte Donostiako Musika Hamabostaldian:&' || 'nbsp;Mariinsky Antzokiko Sinfonia edo Errusiako Orkestra, besteak beste.

Mariinsky Sinfonikoa, estreinaldian

Abuztuaren 7an izango da estreinaldia San Petersburgoko Mariinsky Antzokiko Orkestra Sinfonikoaren eskutik. Stravinskyren "Suzko Txoria", "Petrouchka" edo "Udaberriaren eskaintza" bezalako lanak entzun ahal izango dira, Valery Gergiev zuzenari entzutetsuaren eskutik.

Errusiako Orkestrak eskainiko duen kontzertua da publikoak gogoa handiz espero duena eta Mussorgsky maisuaren "Boris Godunov" opera eskainiko du. Gainera, Frederic Chopin eta Schumann omenduko dituzte, jaio zirela 200 urte bete direnean. Gainera, Hugo Wold eta Gustav Mahler ere omenduko dituzte, jaio zirela 150 urte betetzen baitira.

Euskal Herriko egile eta interpreteek ere tokia izango dute programazioan. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak emanaldi berezia eskainiko du irailaren 2an, Andra Mari Koralarekin batera, Rachmaninovi eskainita. Donostiako Orfeoiak eta Tolosako (Okzitania) Kapitolioko Orkestrak Txaikovskiren omenezko programa eskainiko dute, Tugan Sokhievek zuzenduta.

Urtero bezala, 2010eko jaialdirako berariaz sortutako organo lan bat izango da entzungai. Artzain Onaren Katedralean, Peter Wittrichen "4 partita in Jazz Uber ''Nun danket all''" izango da ikusgai.

Hamabostaldi Ibiltaria

Arantzazu, Mutriku, Elgoibar eta Biarritz bezalako udalerritara helduko da musika, Hamabostaldi Ibiltaria deritzon programa dela eta. Xacobeo Urtea dela eta, Kostaldeko Donejakueren bidea bultzatu nahi dute: horrexegatik, Itziarren, Mutrikun eta Orion ere izango dira kontzertu-zikloak. Askizu eta Elorriaga bitartean ibilaldi bat egingo da. Azkoitian, Usurbilen, Deban, Hernanin eta Urruña ere emanaldiak izango dira. Zehazki, Luis XIV eta Austriako Maria Teresaren arteko ezkontzan, duela 350 urte, entzun ziren doinuak interpretatuko dira.