Musika
Abenduaren 1etik 27ra
Euskal Rock Erradikala, 'Imanol Oroituz 2010' ekimenaren gai nagusi
Erredakzioa
Eskorbuto, Las Vulpes eta Hertzainak taldeen inguruko erakusketa, 'Salda badago' dokumentalaren emanaldia, The Sparteens taldearen kontzertua eta mahai inguru bat antolatu dituzte.
Euskal Rock Erradikala izango da aurten ''Imanol Oroituz 2010'' jardunaldien ardatz nagusia. Donostian egingo dira ekimenok, abenduaren 1etik 27ra bitartean.
2007tik, Imanol abeslaria gogoratzeko helburuarekin antolatzen dituzte urtero jardunaldi hauek Donostia Kulturak eta Imanol Oroituz elkarteak.
Aurten Euskal Rock Erradikala izango dute hizpide, eta mugimendu horren sorrera, protagonista nagusiak eta orduko gizartean izan zuen eragina aztertuko dituzte. Horretarako hainbat ekimen antolatu dira: erakusketa, mahaingurua, dokumental baten emanaldia, kontzertu bat eta herri afaria.
Egitaraua
Pakean utzi arte erakusketa inauguratuko da abenduaren 1ean. Binilo azal, kartel, argazki, fanzine, sarrera eta bitxikeria ugariz osatutako bilduma hau abenduaren 27a arte izango da ikusgai. RRVko zortzi talde esanguratsuenak (RIP, La Polla Records, Kortatu, Eskorbuto, Zarama, Las Vulpes, Hertzainak eta Cicatriz) dira erakusketaren ardatza.
Inaugurazio egun horretan bertan, Salda badago Eriz Zapirainek zuzendutako dokumentala izango da ikusgai Lugaritz Kultur Etxean, 19:30ean. RRVko lekuko eta protagonistei egindako elkarrizketekin osatutako lan honek mugimenduaren sorrera, garapena eta egun euskal musika panoraman utzitako arrastoa aztertzen ditu.
Abenduaren 2an, mahai ingurua izango da Lugaritz Kultur Etxean, ''''80ko hamarkada, euskal rocka baino gehiago'''' izenburupean. Parte-hartzaileak honakoak izango dira: Josu Zabala (Hertzainak), Jakue Pascual (soziologoa), Marino Goñi (Gor diskak) eta Mamen Rodrigo (Vulpes). Iñaki Zarata musika kazetari eta kritikaria moderatzaile lanetan arituko da.
Abenduaren 3an, The Sparteens taldekoen kontzertua izango da DOKAn. Belaunaldi oso baten ereserkien berrirakurketa fresko eta dibertigarria eskainiko du Iparraldeko euskal ye-ye taldeak. Kortaturen ''''Zu atrapatu arte'''', La Pollaren ''''Txus'''' eta tankera horretako beste hainbat kantu 60ko hamarkadako estiloari jarraituz moldatu dituzte.
Eta azkenik, jardunaldien egitarauari amaiera emateko, herri afaria izango da abenduaren 3an Txirain elkartean.