Musika
Uztailaren 21etik
B.B. Kingek Donostiako Heineken Jazzaldiaren 46. edizioa irekiko du
Erredakzioa
TriEZ, Mursego eta MobyDick, Nathaniel Rateliff eta Thee Brandy Hips, besteak beste, arituko dira zuzenean. Gainera, Donostiako jatetxe ospetsuenek Jazzaldia Menua eskainiko dute.
Luxuzko hasiera izango du Donostiako Heineken Jazzaldiaren 46. edizioak: B. B. King handiak irekiko du jaialdia datorren uztailaren 21ean, Zurriola Hondartzan izango den emanaldi batekin.
Halaber, uztailaren 25era bitartean, Chick Corea (Return to Forever IV), John McLaughlin, Cyndi Lauper, Jan Garbarek, Abdullah Ibrahim, Mavis Staples eta Jackson Browne bezalako izen handiak, besteak beste, izango dira Donostian. Gainera, Toots Thielemans ere gonbidatu dute jaialdira, 2011ko Donostiako Jazzaldia Saria emango baitiote.
Trinitate Plazan, Dave Douglas, Enrico Rava eta Avishai Cohen eta Abdullah Ibrahim Hegoafrikako piano-jotzaile handia arituko dira zuzenean (uztailaren 22an) eta John McLaughlin eta Medeski, eta Martin and Wood hurrengo egunean (uztailaren 23an).
Kursaalek Return to Forever hartuko du hilaren 23an eta 24ean, Japoniako Hiromiren Trio taldea. Hilaren 25ean, berriz, Toots Thielemansen hitzordua izango da.
San Telmok ere zenbait kontzertu hartuko ditu tartean, Lloyd Cole Small Ensemble, John Scofield Quartet eta Jan Garbarek and The Hilliard Ensemble.
Guztira, 80 kontzertu izango dira eta horietatik 60, doakoak.
"Kontzertu sorpresak", aurten ere
Aurtengo edizioan ere Kontzertu Sorpresak izango dira egitarauan. BO, TriEZ, Thee Brandy Hips, Nathaniel Rateliff, Mursego eta MobyDick izango dira emanaldi hauen protagonistak. Horien tokiak, eguna eta ordutegia aurreko egunean, gauerdi aldera emango dute jakitera, jaialdiaren webgunearen, Facebooken eta Twitterren bidez.
2011ko beste nobedadea Donostiako jatetxe ospetsuenen eskutik etorriko zaigu. Izan ere, Bokado, Kokotxa, Mirador de Ulia eta Ni Neu jatetxeek Jazzaldia Menua eskainiko dute jaialdiaren bitartean: musika ederra eta gastronomia uztartzeko aukera paregabea.
"Zu falta al zara Jaialdian?" lehiaketa
"Zu falta al zara Jaialdian?" izenburuko lehiaketak B. B. King handiarekin jaialdiaren inaugurazioan jotzeko aukera eskainiko dio irabazleari. "Estilo eta jatorri desberdineko" artistei eta taldeei zuzendutako lehiaketa honek eszenatoki berri batean euren zuzenekoa eskaintzea du helburu.
Lehiaketan parte hartzea nahi dutenek sarean dagoen taldeko bideo bat bidali behar dute Jaialdiaren webgunera uztailaren 14 baino lehenago. Bi epaimahaiek (bata, herritarra eta bestea, aditua) erabakiko dute irabazlea.