Itxi

Albisteak

New Yorken (AEB)

Placido Domingori koloneko minbizia kentzeko ebakuntza egin diote

Erredakzioa

Espainiako 69 urteko tenoreak apirilaren 16rako agertokietara itzultzea espero du, Milango Scalan Simon Boccanegra opera antzezteko.

Placido Domingo tenore espainiarrari ebakuntza egin zioten iragan astean, New Yorken, kolonetik minbizi polipo bat kentzeko. Domingo hirian duen etxebizitzan sendatzen ari da, bere AEBetako ordezkariak gaur jakitera eman duenez.

69 urteko Domingok "sei astez atseden hartu beharko du" eta apirilaren 16rako taulara itzultzea espero du, Milango Scalan Simon Boccanegra opera antzezteko. Los Angeleseko eta Washingtongo (AEB) operen zuzendaria da Espainiako tenorea.

Tenoreak igandean jaso zuen medikuen alta Manhattango Mount Sinai ospitalean. Laparoskopia baten bidez "kolonetik polipo bat kendu zioten, arrakastaz", azaldu du Nancy Seltzer ordezkariak prentsa ohar batean.

Otsaileko amaieraz geroztik New Yorkeko etxean izan da Domingo, iragan astean ebakuntza egin dioten arte.

Bertan behera

Londresen, Handel Tamerlano operan bere parte-hartzea bertan behera utzi behar izan zuen Domingok.

Gala Domingo-n, Tokion, otsailaren 13 egin zuen agerraldian sabelaldean mina sentitzen hasi zen tenore espainiarra.

40 urteko ibilbidea

Duela 40 urte debuta egin zuen Domingok New Yorkeko Operan eta ibilbide luzea du lirikan. 3.450 emanaldi baino gehiago egin ditu, eta horietatik 400 zuzendari gisa.

Berlin, Zurich, Milan, Madril eta Los Angelesen emanaldiak aurrikusita ditu datozen hilabeteetan.