Itxi

Albisteak

Euskal liburu eta disko azoka

Durangoko Azokak Imanol Urbieta omenduko du

Erredakzioa

Argizaiola saria emango diote musikari eta idazleari, 505 gai berri aurkeztuko dituen edizioan. Gaia erotismoa izango da, eta herrialde gonbidatua Kurdistan.

Gerediaga elkarteak Durangoko 45. Azoka aurkeztu du gaur, prentsaurrekoan. Imanol Urbietak jasoko du aurten Argizaiola saria abenduaren 4tik 8ra egingo den topaketan. Gaia erotismoa izango da, eta herrialde gonbidatua Kurdistan. Gainera, erakustazokan bertan ekitaldi eta aurkezpenetarako aretoa atonduko da.

Oinarri nagusi horiek izango ditu aurten Durangoko azokak. 138 erakusle egongo dira, 285 erakusmahaitan banatuta, eta 505 berritasun jarriko dituzte guztira ikusgai. Erakustazokan, saltokiez gain, hiru gune egongo dira: Aretoa, Ahotsenea eta Haur Literatura Aretoa.

Argizaiola Saria Imanol Urbietarentzat

1992. urtetik ematen du Gerediaga Elkarteak Argizaiola Saria. Euskara eta euskal kulturaren alde lan egiten duten pertsona, talde eta erakundeak goraipatzeko helburua duen saria, Imanol Urbietak jasoko du aurten. Abenduaren 4an iluntzeko 20:30etan jasoko du saria, San Agustin Kultur Gunean. Omenaldi berezia izango da, omenaldi digitala ere egingo diote eta. Bere ekarpenak goraipatzeko helburuarekin, bloga sortu dute.

Kurdistan, herrialde gonbidatua

Edizio honetako herrialde gonbidatua Kurdistan izango da. Abenduaren 5ean herrialde horretako idazle eta musikariek parte hartuko dute azokan kurduen hizkuntza eta kultura gertutik ezagutzeko antolatuko diren jardunaldietan. Mahainguruak, poesia errezitaldia, gaztetxoendako kantu labur eta dantza ikuskizunak, eta beste hainbat ekitaldi antolatuko dira. Ronayi Önen, kurduera irakasleak; Eser Uyansiz-k, Azadiya Welat egunkariko zuzendariak; Zinar Ala; Siwar Ala eta beste hainbat kidek parte hartuko dute.

Hegats aldizkariak gainera Kurdistaneko literaturari buruz argitaratutako ale berezia aurkeztuko du.

Kontzertuak, Plateruena Kafe Antzokian

Azokan izango diren disko eta liburu aurkezpenez gain, DurangokoPlateruena Kafe Antzokian hainbat zuzeneko izango dira abenduaren 3tik 8ra bitartean.&' || 'nbsp; Esne Beltza, Ken Zazpi, Gatibu,&' || 'nbsp;Atom&' || 'nbsp;Rhumba eta Bide Ertzean taldekoak bertan izango ditugu.