Itxi

kultura

Bileraren ostean

De la Iglesia, gai batzuetan internautekin bat etortzearekin pozik

Erredakzioa

"Inork ez du uste dena doakoa izan behar dela. Gure publikoa aurkitzen saiatu behar gara. Agian, merkatu eredua aldatu behar du", esan du.

Alex de la Iglesia Espainiako zinema Akademiako zuzendaria pozik agertu da Interneteko erabiltzaileekin izandako bileraren ostean. "Agian merkatu eredua aldatu behar dugu eta gauzak beste modu batera pentsatu", adierazi du.

Ia hiru orduko bilera baten ostean, Espainiako Akademiako presidenteak "amankomunean dauden puntuak" goraipatu ditu eta akordiorako aukera ikusten du.

"Funtsean, ados gaude puntu pilo batetan. Inork ez du uste dena doakoa izan behar dela. Gure publikoa aurkitzen saiatu behar gara. Agian, merkatu eredua aldatu behar dugu eta gauzak beste modu batera pentsatu", esan du Alex de la Iglesiak.

Zinemagileak azaldu duenez, ez da "bilera politiko bat" izan eta bilera gehiago izango direla aurreratu du eta baita gaiaren inguruan hausnartzeko jardunaldi batzuk, Zinema Akademian bertan.

Angeles Gonzalez-Sinde Kultura ministroari zein iritzi emango dion galdetu diote eta bilera "zoragarria" eta "oso erabilgarria" izan dela esango diola adierazi du.

"Nire lankideek duten arazoentzat konponbideak nahi ditut. Topikoa dirudi, baina jendeak ez du gogoratzen hizketan ulertu dezakegula elkar bakarrik", esan du Akademiatik irtetzerakoan.

"Nigatik egiten dut hau, ikasi nahi dudalako eta ez dakizkidan gauza asko daudelako. Horregatik, nik baino gehiago dakien jendearekin hitz egin behar dut", adierazi du De La Iglesiak.