Itxi

Albisteak

Sinadura

Etxepare eta Cervantes institutuen arteko lan akordioa

Erredakzioa

Akordio honi esker, euskarazko klaseak jarri dira martxan New Yorken.

Etxepare eta Cervantes institutuek lankidetza hitzarmena sinatu dute, Donostian. Akordio honen arabera, Cervantes Institutuak laguntza emango dio Etxepare Institutuari euskara eta euskal kultura zabaltzeko.

Aizpea Goenaga eta Carmen Caffarel bi institutuetako zuzendariek sinatu dute akordioa, Etxepare Institutuak Gipuzkoako hiriburuan duen egoitzan. Blanca Urgell Kultura sailburua ere ekitaldian izan da.

Madril, Brusela eta New York hiriak izan dira Etxepare Institutuak euskara eta euskal kultura zabaltzeko hautatu dituen lehenak. Akordio honi esker, Berlin, Stockholm, Atenas eta Chicago hirietara ere zabaldu ahal izango du lana.

Sinatu berri den hitzarmenak, gainera, lehen fruitua eman du dagoeneko: euskarazko klaseak jarri dira martxan New Yorken, lehen aldiz.

''''Irekitzen zaizkigun aukerak mugagabeak dira. Sareak osatzea, konplizitateak eraikitzea eta elkarlana sustatzea behar-beharrezkoak ditugu. Horretan dihardugu ateak zabaldu genituenetik eta horren adibide da sinatu berri dugun hitzarmena'''', esan du Goenagak.

Carmen Caffarelek aurreratu duenez, 2011ko lehen hiru hilabeteotarako, hainbat ekimen antolatu ditu Cervantes Institutuak zenbait hiritan euskal kultura zabaltzeko, tartean Damaskon Chillidari buruz egingo den erakusketa eta Kimuak programako euskal film laburren erakustaldia Bordelen.

Era berean, Cervantes Institutuak azken hiru urteotan euskal kulturarekin lotutako 119 jarduera egin dituela ekarri dute gogora. Besteak beste, Bernardo Atxaga, Espido Freire, Kirmen Uribe, Juan Kruz Igerabide, Kepa Junkera eta Asier Zabaleta egileek parte hartu dute ekintza horietan.