kultura
Euskal kulturaren zikloa
Donostia 2016 hautagaitza Bruselan, euskal kultura zabaltzeko
Erredakzioa
Hautagaitzaren inguruko erakusketa batek ireki du euskal kultura eta talentua hedatzeko ziklo berezia. Euskal literatura, zinema, artea eta musika zabaltzea izango du helburu.
Datozen bi hilabeteotan euskal kulturak Bruselara egingo du bidaia, Euskal Kultura eta Talentuaren 1. ziklo europarraren eskutik. Donostia 2016 hautagaitzak ireki du programa, ''Donostia, herritarren energia-olatuak'' erakusketa bertan aurkeztuta. Performance izaeradun erakusketa bat da, zurezko hamar oholez osatua. Donostia 2016 proiektuaren edukiak azaltzen dituzten argazkiz josita daude oholak, eta hautagaitzaren eraldaketaren ideian oinarrituta dagoenez gero, erakusketa interaktiboa ere bada: bisitariek piezek elkarren artean eragitea lor dezakete, erraz aldatzen baita euren antolaera.
Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Institutuak eta Donostia 2016 hautagaitzako arduradunek sortu dute Euskal Kultura eta Talentuaren 1. ziklo europarra. Euskal literatura, zinema, artea eta musika zabaltzea du ziklo honek helburu, eta Euskadiko ordezkariak Bruselan daudela 25 urte bete direla ospatu nahi du.
Euskal Kultura protagonista Bruselan, bi hilabetez
Bi hilabetez izango da zikloa Bruselan, Europako jaialdi eta kultur hitzorduetan euskal presentzia indartzeko.
Hilaren 27an La Monnaie antzokian egingo den Passaporta literatur jaialdia izango da hitzorduetako bat, eta Bernardo Atxaga idazleak bertan hartuko du parte, Europako literatura munduko beste izen handiekin batera.
Era berean, martxoaren 28tik apirilaren 1era bitartean, ''Ghost in Armour'' erakusketa irekiko dute Europako Parlamentuan. Industria eraldaketaren eta artearen inguruko bilduma da, Euskadiko, Galeseko eta Alemaniako hainbat artistek sortua.
Gainera, ikus-entzunezko euskal lanek lekua izango dute apirilaren 28tik maiatzaren 8ra hirian egingo den Bruselako Film Laburren jaialdian.
Zikloa euskal folk kontzertu batekin bukatuko da: Xarenge taldeak zuzenekoa eskainiko du, maiatzaren 20an.