Zinema
Hirugarren eguna
Unax Ugaldek 'Bon appétit' aurkeztu du Malagako Zinema Jaialdian
Erredakzioa
David Pinillos zinemagileak zuzendu du lana, eta Euskal Telebistak bertan parte hartu du. Ingelesez, alemanez eta gazteleraz grabatuta, Sail Ofizialean dabil lehian.
David Pinillosek zuzentzen duen lehen luzemetraia da Bon appétit, eta zinemaldiaren Sail Ofizialen lehiatzen da. Zurichen kokatuta, Europa mailako komedia da, eta Unax Ugalde aktore arabarra eta Nora Tschirner berlindarra ditu protagonista.
Daniel (Unax Ugalde) asmo handiko Bilboko sukaldari gaztea da, eta bere ametsa lortu berri du: Zuricheko Thomas Wackerle jatetxe ezagunean sartzea. Maila profesionalean arrakasta izango du bertan, baina maila pertsonalean ezustekoa izango du: Hanna izeneko lankidea ezagutu, eta bere egitasmo profesional guztiak arriskuan jarriko dituen adiskidetasun harremana baino zerbait gehiago sortuko da bion artean.
Pinillos zuzendariak aurkezpenean esan bezala, ''''sentimenduak dira nagusi film honetan''''. ''''Istorio xumea da, baina amodio eta sentimenduak bezalako gauza konplexuen ingurukoa'''', gaineratu du. Protagonistak argumentuaren beraren gainetik daudela azpimarratu du Pinillosek, eta istorio honen pertsonaiak erreal eta inperfektu gisa definitu ere.
Unax Ugalderen eskutik datorkigu pertsonaia erreal eta inperfektu horietako bat. Grabaketan ez omen du arazo askorik izan sukaldaritzarekin, 17 urte zituenetik baitago arabarra etxetik kanpo, eta ''''derrigorrean'''' ikasi behar izan baitu sukaldean aritzen. Hala ere, trebetasuna hobetu beharra ere izan du, ''''filmeko elkarrizketetan atzamarrak ez mozteko, bereziki''''.
Hiru hizkuntzatan grabatu dute filma: ingelesez, alemanez eta gazteleraz. Istorioa ''''benetakoa'''' izatea lortu nahi izan dute hiru hizkuntzen nahasketarekin. Zuzendariak jakin badaki filma bikoiztu egingo dutela, baina jatorrizko hizkuntzatan ere estreinatu dezaten nahiko luke.