Itxi

Zinema

Kartela

Donostiako 58. Zinemaldiak emakume aurpegia du

Irailaren 17an hasiko da eta bederatzi egun iraungo ditu. 16 pelikula lehiatuko dira sail ofizialean, eta bi atzera begirako izango ditu: Don Sigelenena eta dokumentalak landuko dituen beste bat.

Donostiako 58. Zinemaldiak emakume aurpegia du. Zuri beltzean, emakume gazte baten begirada zuzena aukeratu du Oscar Marine artistak. Mikel Olaciregui zuzendariak kartel ofiziala aurkeztu du. Edizio honetako "asmoak" islatzen omen ditu bere ustez: "garai bateko zinema gogorarazten du, baina aldi berean gaztea, zirikatzailea eta kuriosoa da", azaldu du.

Irailaren 17an hasiko da 2010eko Zinemaldia eta bederatzi egun iraungo du. Ohikoa denez, lehiaketa esparruko hiru atalak (Sail Ofiziala, Zabaltegi eta Horizontes Latinos) izango dira Zinemaldiaren bizkarrezurra, eta aurten 16 pelikula lehiatuko dira sail ofizialean, Edurne Ormazabalek eta Aizpea Goenagak jakinarazi dutenez.

Aurrera begiratzeaz gain, atzera ere botako du begirada jaialdiak. Horretarako bi atzera begirako antolatu dituzte: lehenengoa Don Siegelen filmekin, eta bigarrena dokumentalekin. .doc Ez fikzioaren bide berriak izenburua izango du bigarren honek, eta ez-fikziozko zinemaren adibide esanguratsuenetako batzuk bilduko ditu, mundu osoko zinemagintzan dokumentalak azken urteotan hartu duengarrantzia aprobetxatuta: norberaren gai pribatuei buruzko auto-dokumentala, zinema-saiakera, fake edo dokumental faltsua, bideo-artisten edo zinegileen ekarpenak, cinéma véritéaren edo dokumental musikalaren gaur egungo bariazioak... Mundu osoko sona handiko zuzendarien lanak egongo dira atzera begirakoan: My Winnipeg (Guy Maddin, 2007), The five Obstructions (Lars von Trier y Jorgen Leth, 2003), Le souvenir d''un avenir (Chris Marker eta Yannick Bellon, 2001), Auge/Maschine-Parts 1, 2, 3 (Harun Farocki, 2002), Los rubios (Albertina Carri, 2003), Profit Motive and the Whispering Wind (John Gianvito, 2007), Mysterious Object at Noon (Apichatpong Weerasethakul, 2000) edo The Wild Blue Yonder (Werner Herzog, 2005), beste askoren artean.

Programazioaren barruan beste hainbat ekimen ere izango dira; esate baterako, Made In Spain, Euskal Zinemaren Panorama, Zinema Eraikitzen, Zinema Mugimenduan eta Zinema Eskolak.

Ikusteke dago mundu mailan dagoen krisi egoerak zer nolako eragina izango duen lehen mailako zine jaialdi honetan.