Zinema
Film berria
Montxo Armendarizek 'No tengas miedo' zintaren filmaketa hasi du
Erredakzioa
Iruñean izango dira nagusiki, eta bertan aktore aukeraketari ere ekin diote. Txikitan sexu-abusuak jasan zituen Silvia emakume gaztearen istorio kontatuko du.
Montxo Armendariz zinema zuzendariak Nafarroa aukeratu du oraingoan ere bere film berriaren eszenatoki gisa. No tengas miedo izena du lanak eta txikitan sexu-abusuak jasan zituen Silvia emakume gaztearen istorio kontatuko digu. Egoera horrek sortarazitako arrastoak gainditu eta berriz ere duintasuna eskuratzeko borroka egin beharko du protagonistak.
Silviaren papera egiten Michelle Jenner izango dugu; Luis Homarek eta Belen Ruedak bere gurasoen pertsonaiak egingo dituzte. Gainera, Nuria Gago, Rubén Ochandiano, Javier Pereira eta Elvira Mínguez aktoreek, tartean, parte hartuko dute.
Lokalizazioetarako hainbat aukera aztertu ondoren, Iruñean filmatuko da nagusiki lana. Oria Films ekoiztetxeak dagoeneko erabakiaren berri eman dio Ikus-entzunezkoen eta Zinema Arteen Nafarroako Institutuari (INAAC). Nafarroako gobernuak ohar batean jakitera eman duenez, ekoiztetxeak hasi ditu filmearen aktore aukeraketak hiriko hainbat ikastetxeetan.
Montxo Armendarizen bederatzigarren lana izango da hau. Aurrekoan ere Nafarroara itzuli zen zuzendaria, bertan Bernardo Atxaga idazlearen Obabakoak liburuan oinarritutako Obaba (2005) lana grabatzeko.