Zinema
Kartelera
Michael Douglas, 'Saw VI' eta Banksy, zinema aretoetako protagonistak
Erredakzioa
Aste honetan estreinatuko dituzte 'Wall Street 2: el dinero nunca duerme' arrakastatsua, 'Gru, mi villano favorito' filma eta 'Exit through the gift shop' dokumental alternatiboa.
Michael Douglas aktorea Gordon Gekkoren azalean dugu berriz Wall Street 2: el dinero nunca duerme lanean. Oscar saria irabazi zuen Douglasek film honen lehen zatiarekin, eta berriz ere pantaila handian dugu ''''zekenkeria ona da'''' goiburua defendatzen duen pertsonaia honekin. Oliver Stonek zuzendutako film honek marka guztiak hautsi ditu Ameriketako Estatu Batuetan.
Geurean dugu Exit through the gift shop, Banksy graffitiaren maisuak zuzendutako lana. Banksyk kapitalismoa eta gizartearen bidegabekeriak salatzeko egiten dituen pintadak mundu osoko hirietan ikus daitezke (New Orleansen, Zisjordaniako harresian...), baina kaleko artearen maisu honek MOMA eta Tate Modern Gallery museoetan ere erakutsi ditu bere lanak. Oraingoan pantaila handian dugu, dokumental batekin. Kaleko artearen barrunbeetan sartu eta XXI. mendeko graffitiaren merkantilismoaren inguruko hausnarketa utzi digu mahai gainean.
Princesas filma kaleratu eta bost urtera, hemen dugu berriz Fernando León de Aranoa, oraingoan Amador izeneko lanarekin. Magaly Solier eta Celso Bugallo ditu protagonista umore ukituak dituen drama honek. ''''Esaten duguna gara'''' mezua plazaratzen du istorioak, heriotza eta bizitza eskutik helduta.
Kevin Greutert zinemagile estatubatuarra bueltan da Saw odoltsuaren emanaldi berri batekin, azken hamarkadan etekinik gehien lortu duen beldurrezko sagaren seigarren atalarekin, alegia. Tobin Bell dugu protagonista, minbiziak jota bizi den gaixo terminal baten paperean. Bere ustez bizitzari behar bezalako balioa ematen ez dioten lagunak joko berezi baten aurrean jarriko ditu: hil edo biziko jokoan. Joan den urrian X sailkapena eman zion Kultura Ministerioak lan honi, edukien bortizkeria maila handiagatik. Orain, urtebete geroago, hemen dugu berriro Saw VI, baina X sailkapenik gabe.
Jaime Lee Curtis, zendu berri den Tony Curtis aktorearen alaba; Kristen Bell, Betty White urrezko neska; eta Alien, el octavo pasajero filmeko Sigourney Weaver ditugu¿Otra vez tú? komedian protagonista. Eta ez da asteko komedia bakarra. Amanda Seyfried eta Vanessa Reddgrave, aldiz, Cartas a Julieta lanarekin datozkigu, benetako maitasuna defendatzen duen komedia erromantiko batekin. Dena arriskatu eta bikotekide perfektua aurkitzeko egin beharrekoa egitera gonbidapena, azken finean.
Chris Renaud eta Pierre Coffin zinemagileek zuzendu dute Gru, mi villano favorito filma. 3Dko animazio digitala da, Ice Age, Horton eta ''''Los Simpson'''' ezagunen arduradunen eskutik. Steve Carrellek jarri du ahots nagusia, ingelesezkoa bertsioan.