Zinema
Larunbat honetatik
Abian da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea
Erredakzioa
Azaroaren 5era arte, fantasiazko eta beldurrezko generoaren filme onenak proiektatuko ditu zinemaldiak. Gainera, euskarazko azpitituluekin 24 ekoizpen izango ditugu ikusgai.
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen XXI. edizioa hartuko du Donostiak larunbat honetatik, urriaren 30a, datorren azaroaren 5era arte. Horrela, fantasiazko eta beldurrezko generoaren filme interesgarrienak izango ditugu ikusgai.
Sitgeseko Zinemaldian pelikula onenaren eta zuzendaria onenaren sariak lortu zituen Rare Exports filmea proiektatuko dute lehenengo egunean, Sail Ofizialari hasiera emateko. Interesa ere piztuko du estreinatu den lekuetan hika-mika handia sortu duen A serbian film zintak, ankerkeri zitalenak erakusten dituen ekoizpena.
Sail Ofizialaren barnean urteko beldurrezko filma garrantzitsuenak ere ikusgai jarriko ditu zinemaldi honek: Gareth Edwards britaniarrak zuzendutako Monsters eta Daniel Stamm estatubatuarrak zuzendutako El último exorcismo. Monster filma "azken urteotako munstroen inguruko filma onenetariko bat" da, askoren ustez. El último exorcismo zintak, bestalde, dokumental baten itxura hartzen du eta Cotton Marcus apaizaren azken exorzismoa erakusten du.
Gainera, genero honen urte honetako filme garrantzitsuenen hautaketa batek parte hartuko du sail honetan: Dream Home edo Death Kappa ekialdeko filmak, kasu, edo The Clinic australiarra, edota Tucker &' || 'amp; Dale vs. Evil amerikarrak. Gainera, Die Tür alemaniarra eta Vampires belgiarra ikusi ahal izango dira. Sail Ofizialean lehiatuko diren pelikula guztien artean, Film Luze Onenaren saria aukeratuko du publikoak.
Aleister Crowley poeta, mago, satanista, espia eta abenturazalea gogora ekarriko du aurtengo edizioak eta bere figurari dedikaturiko filmeak proiektatuko dituzte.
Zinema euskarazko azpitituluekin
Euskarazko zinema ekoizpenek ere bere lekua izango dute. Horrela, haurrentzako bi emanaldi, sail ofizialeko hamar pelikula eta 14 film labur ikusi ahal izango dira euskarazko azpitituluekin. Azken lau urteetan, euskarazko filmen ikusle kopurua %80 hazi da Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren XXI. Astean.
Zinemaldiaren antolatzaileen aburuz, egitaraua "heterodoxoa" da. Gainera, kale donostiarrak hartuko dituzte aurten hainbat ekitaldiek: Carros de Foc taldeak hasierako kalejira eskainiko du.
Komikiak ere protagonista izango dira zinemaldi honetan, Donostiako VII. Komiki Jardunaldien barnean, Salvador Larroca valentziarraren eta Dani Fano, Guillermo Gonzalez eta Isabel Mancebo Baldar artisten erakusketak izango duitugu ikusgai.