Zinema
'Escuchando al juez Garzón'
Isabel Coixetek Berlinalen estreinatuko du Garzoni buruzko dokumentala
Erredakzioa
Manuel Rivas idazlearen eta Baltasar Garzón magistratuaren arteko ordu eta erdiko elkarrizketa biltzen du 'Escuchando al juez Garzón' lanak.
Isabel Coixet zinema zuzendariak Berlinalen estreinatuko du Escuchando al juez Garzón magistratu polemikoaren erretratua. Bere azkeneko lanean, Coixetek Manuel Rivasen eta Garzón epailearen arteko elkarrizketa bat erakutsiko du. Ordu eta erdiko lan honetan, Baltasar Garzonen ibilbide profesional eta pertsonala errepasatzen dute.
Kataluniako zinemagileak zinema informatiboaren aldeko apustua egin du lan berrian, Mi vida sin mí (2003), Elegy (2008) eta Mapa de los sonidos de Tokyo (2009) lanak egin ostean, Baltasar Garzonek Auzitegi Nazionaleko bere lanetik kendu zuten arte zer bizimodu zuen islatzeko. Gaur egun, Auzitegi Gorenak prebarikazio delitua egotzita noiz epaituko duen zain dago. Bitartean, Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegian kolaboratzen du
Berlineko nazioarteko zinemaldiaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, film hau Berlinaleko programazioko Sail Berezia osatuko duten zortzietako bat izango da.
Aurtengo edizioan, lehiaketaz kanpo, Amador Fernando León de Aranoaren filma ere erakutisko dute, baita Jaume Collet-Serra zuzendariaren Unknown, Liam Neeson protagonista duen thriller-a, ere.
Gainera, Berlinaleko antolatzaileek También la lluvia (Iciar Bollaín) filmaren emanaldia ere iragarri dute. Berriki Oscar sarietarako lehen aukeraketan izan den lan honetan, Luis Tosar eta Gabriel García Bernalek parte hartu dute.