Itxi

Zinema

Aurrestreinaldia

'Perurena': harri-jasotzaileen bi belaunaldiren inguruko dokumentala

Erredakzioa

Iñaki eta Inaxio Perurenari buruzko lana Donostian erakutsi dute. eitb.com-ek datorren otsailaren 17an gaueko 21:00etan eskainiko du esklusiban dokumentala.

EITB eta Donostia Kulturak antolatuta, ''Perurena'' dokumentalaren aurrestreinaldia egin dute ostegun honetan, Donostiako Antzoki Zaharrean. Bertan izan ez direnek eitb.com-en datorren otsailaren 17an 21:00etatik aurrera ikusteko aukera izango dute, esklusiban.

Moriarti ekoiztetxeak EITBrentzazt gauzatu duen proiektua da ''Perurena''. Jon Garañok idatzi du gidoia eta berak egin ditu zuzendari lanak ere.

Perurena aita semeak ez ezik, Andres Osa Sakona Euskadi Irratiko kazetariak, Iñigo Goñi El Diario Vascoko kazetariak, Jon Leunda Garako kazetariak eta Migeltxo Saralegi harrijasotzaileak hartu dute parte.

Garañoren hitzetan aita semenaren arteko harremana du oinarri dokumentalak eta Inaxiok 263 Kiloko harria altxatzen huts egin zuenetik 300 kilokoari aurre egiten dion arteko prozesua erakutsi nahi du.

2003an ospatutako Euskadiko Sei Orduak ekitaldian bururatu zitzaion dokumentalaren ideia Jon Garañori. Iñaki Perurenak azken aldiz 100 kiloko harria 1.664 aldiz igo nahi zuen errekorra hausteko. 19 urteko Inaxiok 263 kiloko harriari egin behar zion aurre. Inaxiok huts egin zuen. Aitak, berriz, ia bederatzi ordutan 100 kg-ko harri borobila 1.700 aldiz altxatu zuen. Garañoren ustez: "Aita eta semearen arteko harremanak emozio oso biziak eragin zituela pentsatzen nuen orduan eta gaur egun ere gauza bera pentsatzen dut. Guztia dokumental batean islatzea garrantzitsua dela uste dut".

Garañok buelta gehiago eman dio gertakizun honi eta dokumentalak gauza gehiago erakusten ditu: "Ez ote zegoen semeak aitarengana iristeko behar ia unibertsala? Aitari ez huts egiteko gogoa. Bere mailan egoteko gaitasuna duela erakustekoa. Seme guztiak nahi du aitaren mailara iritsi, baina nola berdindu daiteke aitaren berezitasuna?".

Sinopsia

Inaxio Perurena harrijasotzaile gaztea bere errekor berria lortu nahian dabil: 300 kiloko harria altxatzea. 1987an bere aita, Iñaki Perurena entzutetsua, izan zen lehena harri hau altxatzen.