Itxi

Zinema

Melia Hotelean

Oscarren emanaldia ikusteko Bilbon bilduko dira zinemazaleak

Erredakzioa

Zinemaren zaleak lehendabizi bilduko dira Bilboko Melia Hotelean, Oscar sarien ikuskizunaz zuzenean gozatzeko. Gainera, izendatuta dauden filmeak ere aztergai izango dituzte mahai-inguru batean.

Euskaldun askok gaupasa egingo dute gaur gauean, Los Angelesen izango den 2011ko Oscar sarien emanaldia zuzenean jarraitzeko asmoz. Aurten, gainera, Bilboko Melia Hotelean biltzeko aukera eskainiko dute.

Hitzordu berezi hau 20:00etan hasiko da. Ordu horretarako mahai-inguru bat antolatu dute. Izarren argia filmea zuzendu zuen Mikel Rueda zinemagile bilbotarrak eta Vaya Semanitan nahiz Borja Cobeaga eta Nacho Vigalondoren film laburretan parte hartu zuen Alejandro Tejeria aktoreak parte hartuko dute bertan. Ondoren, 2010ko Kimuak zinemaldiaren film laburren hautaketa bat proiektutako dute.

Gauerdi aldera, alfonbra gorria (EiTB.com-ek zuzenean eskainiko duena) eta emanaldi osoa izango dute ikusgai. Bitartean, Oscar saridunen izenak asmatzen dituzten artean opariak zozketatuko dituzte. Doan banatzen den Aux magazine aldizkariak antolatu du topagunea.