Itxi

Zinema

Film laburrak

Europako Zinema Sarietan finalista izango da 'La gran carrera'

Erredakzioa

Kote Camachok zuzendutako lana Norvegiako jaialdi batean aukeratu ostean izendatu dute.

''La gran carrera'' film laburra Europako Zinema Sarietan finalista izango da eta abenduan Berlinen egingo duten sari banaketan parte hartuko du.

Izendapena Norvegiako Grimstad film laburren jaialdian parte hartu ostean jaso du. Hamabost jaialdi aukeratu dituzte Europako Zinema Sarietan parte hartuko duten lanen lehen hautaketa egiteko, eta horien artean dago Grimstad hirikoa. Berlin, Venezia, Valladolid eta Krakovia hirietako zinemaldiak ere arituko dira aurten horretan.

Kimuak 2010 katalogoan ageri den film labur horrek sari ugari jaso ditu dagoeneko; Amurrioko Begibistan jaialdian, Soriako Film Labur jaialdian eta Ukrainako Steps jaialdian, esaterako.

Besteak beste, Juan Carlos Fresnadilloren ''28 semanas después'' eta Julio Medemen ''Caótica Ana'' filmen lan-taldeetan aritu da Camacho. Arte Ederrak ikasi zituen eta, ''La gran carrera'' film laburreko zuzendaria izateaz gain, argazkilaritza, gidoilari, ekoizle eta musika-egile lanak ere egin ditu. Antzeztaldea, Eriz Alberdi, Charly Urbina, Iñaki Urrutia, Puri Urretabizkaia, Ana Elordi, Joseba Apaolaza, Aitor Mendizabal eta Eider Pikabea aktoreek osatu dute.

''La gran carrera'' film laburrarekin batera Errumaniako ''Derby'' eta Danimarkako ''Berik'' lehiatuko dira aurten Europako Zinema Sarietan.

Asier Altunaren ideia batean oinarritutako lanak 1914an Lasarteko hipodromoan izandako lasterketa bat kontatzen du. Orduko milioi bat pezeta eskuratu zituen lasterketa irabazi zuen zaldiaren jabeak.