telebista
Felix Linaresek aurkeztuta
Lain pelikularen estreinaldia, gaur gauean, 'LND' berezian
A.R.
Erredakzioa
Jose A. Perezek Euskal Telebistarentzat ekoiztutako pelikula honetan Aitor Luna aktore gipuzkoarra da protagonista.
-
Lain pelikularen estreinaldia, gaur gauean, 'LND' berezian
Gaur gauean 'La Noche de...' saio berezia emitituko dute ETB-2an, eta Lain pelikula estreinatuko dute bertan. Intrigazko eta misteriozko istorio zirraragarria da, eta Euskal Herrian gertatutako hilketei buruzko kronika beltza da. Jose A. Perezek Euskal Telebistarentzat ekoitzitako lana da, eta istorioa Bizkaiko hiriburuan kokatuta dago. Aitor Luna aktore euskaldunak Lain detektibearen papera betetzen du, eta bere lankidea izandako baten laguntza izango du hilketa maltzurrenak deskubritzeko. ‘La Noche de...’-ren saio bereziak filmatzearen eta filmaren aktoreen inguruko xehetasun guztiak emango dizkigu 22:30etatik aurrera, pelikula emititu baino lehen.
Genero beltza eta nobela kostunbristaren artean koka dezakezu ekoizpena eta pertsonaia nagusia da Lain: 30 urte inguruko gaztea, polizia izatea alde batera utzi zuen indarkeria, armak eta hilketak baztertzeko. Lainek umeen eskola alternatibo bat zuzentzen du Bilbon, eta proiektu pertsonal honi hasiera eman zion bi urtez Indiara egindako bidai espiritual baten ondoren. Lehen zuen bizitzaz ez du ezer jakin nahi, baina aspaldiko lankide batek laguntza eskatuko dio hiltzaile baten kasua argitzeko.
Sacamantecasen trama
Hiltzaile batek bi emakume hil ditu Bilboko kaleetan. Modus operandia beldurgarria da: ito egiten ditu, sabela ireki eta koipea ateratzen die, eta ondoren hildakoaren ahoan sartzen du koipea. Biak gauez hil zituen, eta antza, ez dute inolako harremanik bata bestearekin.
Ertzaintza erabat galdua dago eta pista bat bakarrik du: azken biktimaren egunkarian “H” hizkia dago idatzita. Mikelek, Ertzaintzako ikuskatzaileak, Laini laguntza eskatzea proposatzen dio bere nagusiari, izan ere, honek misterioak argitzeko abilidade handia erakutsi zuen.
Benetako Sacamantecas Arabako San Millan herriko nekazaria zen, eta XIX. mendean gutxienez bost emakume hil eta bortxatu zituen, eta baita 13 urteko ume bat ere. Biktima guztiak aizto batekin zatikatu zituen, eta garai horretako zurrumurruen arabera, guztiei koipea atera zien, horrekin ukendu sendagarria egiteko.
Jose A. Perez sortzailea eta Aitor Luna protagonista
Ez da Jose A. Perezek Euskal Telebistarentzat lan egiten duen lehen aldia. ‘Mi mesa cojea’ blog ezaguneko sortzailea ETBko “Escépticos” saioaren zuzendari izan zen, eta telebistako hainbat ekoizpenetan egin du lan: “El Hormiguero” edo “El Club de la Comedia” saioetan gidoilari lanetan ibili da, eta “Ciudad K” telesaila sortu eta zuzendu du.
Bestalde, ibilbide profesional luzea duen Aitor Luna, pelikula honen pertsonaia nagusia da. Aktore gipuzkoarrak ETB-1eko “Goenkale” telesailean egin zituen bere lehen pausoak. Aktore bezala lanean hasi zenetik, Antena 3-eko “Los Hombres de Paco eta “Días Sin Luz” telesailetan egin du lan. TVE-ko “Gran Reserva” telesailean egindako lanagatik bigarren mailako aktore onenaren saria eman zioten, eta duela gutxi Telecincoko “La Fuga” telesailaren protagonista izan da.