telebista
ETB-1 eta ETB-2
Autismoa gertutik ezagutuko dute aste honetako 'Teknopolis'en
A.H.
EITB
Horrez gain, CAF Elhuyar sari banaketan nabarmendu ziren berrikuntza eta proiektuez arituko dira.
Autismoak jatorri genetikoa du, eta pertsonen komunikazioan eta harreman sozialetan eragiten du, batez ere. Hizkuntza garatzeko arazoak izaten dituzte trastornoa pairatzen dutenek, eta gainerakoek intuizioz ikasten ditugun arau sozialak, berek banan-banan barneratu behar izaten dituzte. Aste honetako 'Teknopolis'en Mikel ezagutuko dute, zazpi urteko mutikoa. Autismoa du Mikelek, eta inguruaren eta teknologia berrien laguntzarekin, komunikazio-arazoak gainditzen ari da poliki-poliki.
Bestalde, CAF-Elhuyar Sarien 19. edizioaren sari-banaketa egin zen pasa den ostegunean Usurbilen. Zientzia-kazetaritzako lanak, doktore tesian oinarritutakoak, dibulgazio-artikulu orokorrak... Kategoria horietara aurkeztutako lanen hainbat egile bildu ziren sariak banatzeko ekitaldian eta 'Teknopolis'ek ezagutu nahi izan ditu. Merezimendu Sari bat ere izan zen, aurten Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeari emana. Eta, berrikuntzen artean, Zientzia Gizartean izeneko sorkuntza-bekaren bidez sustatu nahi duten zientziaren eta gizartearen arteko elkarlana nabarmentzen da.
'Teknopolis' astelehen honetan emitituko da 23:00etatik aurrera ETB-1en, eta ostegunean ETB-2n 00:00etan.