telebista
Ekainaren 26an
Euskal Telebista 'Alégrame el día' lehiaketa prestatzen ari da
A.H.
EITB
'Rico' aurkezlea Euskal Herrian barrena ibiliko da bidean topatuko duen jendeari mota guztietako proba dibertigarriak proposatuz.
Euskal Telebistaren bigarren kateak ekainaren 26an estreinatuko du 'Alégrame el día' saio berria. Iñigo Iraultza aktore eta showman ezaguna, 'Rico' aurkezle lotsagabea izango da lehiaketa honetan. Kamera sorbalda gainean hartuta, kalera irtengo da bidean topatuko dituen pertsonak harritu, dibertitu eta saritzeko. Horrela, aurkezlearekin negoziatutako diru kopuru baten truke, kaleko lehiakideek 'Rico'k proposatuko dizkien erronkak gainditu beharko dituzte.
Probak, edonon izango dira, botika batean, supermerkatuan, kalean, edo hondartzan, eta edozer gauza egiteko prest egon beharko dira lehiakideak: 45 oinetako-zenbakia duen pertsona bat topatu, kalean egiten duen tenperatura asmatu, edota beste sexuko pertsona baten adina asmatu begiak itxita.
Parte hartzea eta inprobisazioa
Freskotasun handiko lehiaketa izango da. Bai aurkezlea bai taldea inprobisazioz eta naturaltasunez arituko dira kalean topatuko duten jendearekin, eta kameren aurrean, edozein gauza gertatu daiteke. Horrela, grabazio taldeko kideak ezkontza batean ikusi ditzakegu, eta lehiakideren baten etxean bazkaltzen etxera. Era berean, probek norabide ezberdinak hartu ditzakete, eta kalean topatu dituzten lau emakumek hurrengo erronka grabatzeko prest agertu daitezke saioaren kamerak eskuan hartuta.
Gainera, nahiz eta lehiatu nahi ez izan, kalean topatuko dituzten hainbat pertsonekin arituko dira solasean. Izan ere, edozeini 'eguna alaitzeko' helburuarekin arituko da 'Rico' kaletik.
Horrez gain, sare sozialen bidez zuzeneko harremana izango dute euren jarraitzaileekin. Ikus-entzuleek horrela, grabazioak egiteko herri edo lekuak proposatu ditzakete, lehiaketan parte hartzeko izena eman, edota erronka berriak proposatu. Gainera, 'Alegrame el día' saioa pertsona zehatz batengana joan dadin eskatu dezakete.
Taldea
'Alegrame el día' lehiaketaren taldea zazpi pertsonek osatzen dute. 'Rico' aurkezlea izango da eta berak negoziatutako du lehiakideekin diru kopurua. 'Jarrison', saioaren zuzendaria da, eta Ricoren mugimenduak oso gertutik jarraituko ditu. Aurkezlearen alboan, 'Garamaont' ikusiko dugu beti, Ricoren lehengusua da, eta jolasteko moduko kamera txiki bat eramango du beti eskutan.
'Maik' eta 'Aldo', berriz, kamera profesionalak dira eta hainbat oztopori aurre egin behar izango diete, 'Rico'ren abenturak jarraitzeko.
'Raimon', audioaren kalitateari begira izango da egun osoan, eta Jeena, taldeko neska bakarra, adi-adi jarraituko ditu 'Rico' eta gainontzeko taldeen beharrizanak, poltsikoak diruz beteta dituela.