telebista
Egunero, ETB1en eta ETB2n
'Eguraldia'k eskaintza freskagarria du uda sasoian, Urko Aristirekin
EITB
Eguraldiaren iragarpena osatuko duten hainbat erreportaje eskainiko ditu saioak, euskal kostaldeko hondartzak gertutik ezagutuko ditu eta 83ko uholdeen gaineko erreportaje sorta berezia prestatuko du.
Uda sasoian ere Euskal Telebistako 'Eguraldia' tarteak egunero eskainiko du bertako meteorologiari buruzko informazio gaurkotua eta zehatza. Eskaintza zabala izango da, eguneroko iragarpena emateaz gain, udarako proposamen freskagarriak egingo ditu saioak, fenomeno atmosferikoen gaineko argibideak emango dituzte, eta ingurugiro gaien gaineko erreportajeak eskainiko dituzte. Gainera, 1983ko uholdeak gogoratzeko erreportaje sorta berezi bat izango dute laster ikusgai, eta ikus-entzuleen partaidetzaren premia izango dute horretarako. Urko Aristi izango da 'Eguradia'ren edizio guztien arduradun uda sasoi honetan.
Erreportaje eta proposamenak
Aurtengo udan, 'Eguraldia'k helburu jakin bat hartu du erronka gisa; alegia, euskal hondartzarik gehienak gerturatzea pantaila txikira. Erreportaje bilduma honetan, ETBko kamerek gure kostaldeko hondartzak bisitatuko dituzte. Bertako paisaiak eta giroa erakusteaz aparte, hondartzazale, bainuzale eta sorosleekin berba egingo dute. Lapurditik hasi eta Bizkaiko azken txokora heldu arte, euskal kostaldeko bazterrik polit eta freskagarrienetara hurbilduko dira. Hau guzti hau, ikus-entzuleek udan hondartzen inguruko informazio ugaria eskatzen dutelako.
Bestalde, eguneroko iragarpena emateaz gain, informazio meteorologikoa modu errazean azaltzen jarraituko dute, fenomeno atmosferiko ezberdinen inguruko argibideak eskainiz. Aparteko albiste eta erreportajeek ere tarte berezia izaten jarraituko dute. Meteorologiari buruz berba egingo dute, baina baita ekologiari eta ingurumenari buruz ere.
Ezin ahaztu, bestalde, ostiraletan luzatzen dituzten ihesalditxoetarako proposamenak; inoiz baino baliagarriagoak direnak uda partea honetan. Ikus-entzuleek, euren aldetik, Eguraldiko lagunengandik berebiziko arreta izaten jarraituko dute. Leku jakin batean ekitaldi edo plan bereziren bat izan ezkero, eguraldiaren berri zuzenean galdetzeko aukera izango dute.
83ko uholdeak
'Eguraldia' tartea, halaber, abuztu amaiera aldera emitituko den erreportaje sorta berezi bat osatzeko ikus-entzuleen kolaborazioa eskatzen dabil. 1983ko uholde gordin eta lazgarriak gertatu zirenetik 30 urte joan dira. ETBko programak gogora ekarriko du zorigaiztoko gertakari hura. Horretarako hainbat ikuspuntutik aztertuko dute jazoera tragiko hura; alde batetik, uholdea eragin zuen tanta hotz fenomenoa azalduko dute; bestalde, ibaien kontroletara gerturatuko dira, eta kaltetuekin solastatuko dira, luze eta sakon. Bilbon izango dira, baina beste hainbat herritan ere, noski. Erreportajeek behar bezalako aberastasuna izateko, partikularren argazkiak eta bideoak nahi ditu Eguraldia saioak. Ikus-entzuleek eguraldia@eitb.com helbide elektronikora bidali dezakete euren materiala.
Eguraldiaren iragarpena eta informazioa sakona, egunero, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegien ostean, abuztuan zehar Urko Aristiren eskutik.