telebista
Saio berria
'Airean', bizitzaren erakusleiho izan nahi duen magazina
Udazkeneko programazio berriarekin batera estreinatuko dugu Jaime Otamendik gidatuko duen saio berria. Astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 15:45etik 17:30era bitartean izango dugu ikusgai.
Udazkeneko programazio berriarekin batera, arratsaldetako magazin berria estreinatuko du ETB1ek: 'Airean'. Jaime Otamendik aurkeztuta, eguneko albiste esanguratsuenak aztertuko dituzte tertulia formatuan.
Astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 15:45etik 17:30era bitartean, hainbat solaskide izango du Otamendik eguneko gaiak aztertzeko, eta, gainera, Ilaski Serrano eta Usoa Arbelaitz kazetarien laguntza izango du platoan.
Ilaski Serrano jardun berri batean ikusiko dugu telebistan, erreportariaren larruan jarriko da, eta eguneko albistearen jarraipena egingo du, albistea kaletik platora ekarriz.
Usoa Arbelaitzek albiste berezien berri emango digu platoan, eta gainera, saioak egunero izango dituen atalen ardura izango du.
Egunero aditu bat izango dugu platoan, oso gai desberdinez hitz egiteko: Nicolas Cuencak ekonomiaren gorabeheren berri emango digu; Kike Amonarrizek euskararen bitxikeriak eta albisteak landuko ditu; Iñigo Vicens saioko personal trainerra izango da; eta Ainara Atorrasagastik eta Lander Ugartek diseinu munduaren azken joerak ekarriko dizkigute.
Bestalde, astean behin, Jaime Otamendik pertsonaia ezagun eta interesgarri bat elkarrizketatuko du platoan. Munduan zehar bizi diren euskaldunekin ere harremanetan jarriko gara, eta saioak gertutik jarraituko du euskal sortzaile, ekintzaile eta ikertzaileen lana. Azken batean, bizitzaren erakusleihoa izango da 'Airean' saioa.