telebista
Gaur
San Mateo Torneoko finala, zuzenean, ETB1en eta eitb.com-en
A.A.
EiTB
Bilbao Basket taldeak CB. Canarias-en aurka jokatuko duen aurredenboraldiko partida ere emango da.
Gaur jokatuko den San Mateo Torneoko finala zuzenean eskainiko dute ETB1ek eta eitb.com-ek. 17:00etan egingo du bat 'ETB Kantxa' saioak Logroñoko Adarraga pilotalekuko jaialdiarekin. Atariko partidan Elezkano II-L. Galartza eta Jaka-Pascual bikoteak izango dira nor baino nor gehiago. Ondoren jokatuko da torneoko finala. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango dira esatariak.
Goizean, 12:00etan, saskibaloiari egingo diote tartea ETB1en eta eitb.com-en, Bilbao Basket-CB. Canarias aurredenboraldiko partida emateko. Asier Arangurenek egingo du kontakizuna Josean Aldalur aditua lagun duela.
16:00etan, ETB1en, ohi denez, herri kirolen leihoa zabalduko dute. Bezperan Elgoibarren jokatutako Euskadiko Artzain Txakur Txapelketa izango da ikusgai, Koldo Aldalurren eskutik.
Amaitzeko, Mikel Olazabalek gidatzen duen 'Gol Festa' saioak futbol jardunaldiaren errepasoa egingo du 19:30ean eta 20:45ean.
Bestalde, ETBKn, pala eta zesta emanaldiak osatuko dituzte 19:15etik aurrera. Lehenik eta behin, bezperan Bilbon jokatutako Urkijo-Larrinaga / Garcia-Ibargarai pala partida izango da ikusgai. Ondoren, Donibane Lohizunen abuztuan jokatutako zesta torneoko finala: Beaskoetxea-Eyheregaray / Aimar-Etcheto. Iñigo Aiestaran izango da berriemaile, Mikel Aierbe eta Jabier Arkarazo lagun dituela hurrenez hurren.