Itxi

telebista

Euskal dantza

Euskal Herriko XXXVII. Dantza Txapelketa, gaur gauean, ETB1en

A.A.

EiTB

Segurako Baratze pilotalekuan 18:00etan eta eitb.com-en zuzenean jarraitu ahal izango da. ETB1ek 22:00etan emango du eta ondoren, txapelketaren ibilbidearen inguruko erreportajea eskainiko da.

0:29

Gaur, urriak 19, jokatuko da XXXVII. Euskal Herriko Dantza Txapelketa Seguran. Bederatzi bikotek hartuko dute parte, arratsaldeko 18:00etan hasita, Baratze pilotalekuan. Internet bidez, eitb.com webgunean, zuzenean jarraitu ahal izango da lehiaketa. ETB1en, berriz, 22:00etan emango da eta, ondoren, Agustin Ezenarrok Segurako Txapelketaren ibilbideari buruz egindako erreportajea eskainiko da.

Bederatzi bikotek parte hartuko dute aurten eta, ohi denez, bakoitzak fandangoa txistuz eta arin-arina trikitiaz dantzatuko du.

Gipuzkoatik zortzi bikote datoz, horietatik hiru Azpeititik: Asier Ibarguren eta Garazi Gurrutxaga, Amets Amubieta eta Maialen Aldalur, eta aurreko bi urteetan txapeldunak izan diren Jon Ibarguren eta Idoia Besada. Bikote bana izango da, berriz, Gipuzkoatik parte hartzen duten gainontzeko herrien ordezkari: Oiartzundik, Xanti Leonet eta Izar Etxeberria; Amasatik, Beñat Monfort eta Naiara Larrañanaga; Villabonatik, Ane Urruzola eta Axier Iriarte; Lezotik, Iker Sanz eta Lierni Kamio, eta Alegitik, Maddi Otegi eta Julen Rodriguez. Bizkaitik ere bikote bat dator, Santurtzitik hain zuzen ere, Lander Campos eta Haizea Hormaetxea.

Imanol Artolak eta Izaro Iraetak aurkeztuko dute txapelketa. Epai-mahaiaren balorazioa ere bilduko dute emanaldian eta, horrez gain, parte hartuko duten dantzari bikoteen iritzi eta inpresioak jasoko dituzte ETB1eko saiorako. Agustin Ezenarro kazetariak egingo ditu elkarrizketak. Epaimahaiak erabakia eztabaidatzen duen bitartean, halaber, Acroindar-Adorejazz taldearen saioa izango da ikusgai.

ETB Seguran, 30 urte, Txapelketaren inguruko erreportaje berezia

Emanaldiaren ondoren, Agustin Ezenarrok txapelketaren historiaz egindako ordu beteko erreportajea izango da ikusgai ETB1en. Segurakoa historia handiko txapelketa da, urtez urte hobetzen eta aldatzen joan dena, batik bat dantza, dantzari eta ikuskizunari dagokienez. Horren guztiaren erantzule izan da Segurako herria. Segurarrak izan dira txapelketa hau Euskal Herriko garrantzitsuena izan dadin lagundu dutenak.

EiTBk, gainera, protagonismo berezia izan du txapelketaren historian. Hasieran Euskadi Irratiaren laguntzaz, eta ondoren, 1994an, ETB hasi zen txapelketa emititzen, eta horrek ere txapelketan eragina izan zuen. Eragin positiboa nolanahi ere, txapelketaren proiekzioa mundu osora zabaldu baitzen, eta bide batez, Segura herriarena ere bai.

EiTBk 30 urte bete berri ditu, eta 30 urte hauetan txapelketari eman diona eta txapelketak eskaini diona ere jasotzen da erreportajean: esate baterako, txapelketaren sorrera nolakoa izan zen; orduko alkateak, Guillermo Areizagak, nola jarri zuen martxan eta segurarrek nola eutsi zioten hainbat urteetan txapelketari, urtez urte hobetzeko helburuaz.

Artxibo lan interesgarria jaso da lan honetan, argazki eta hainbat bideoen laguntzaz. Irudi horien bitartez, txapelketaren eboluzioa jarraitzen du, batik bat telebista bidez ematen hasi zenean, baita dantza eta dantzarien bilakaera ere. Dantzarien testigantzak dute protagonismo berezia eta baita musikarienak ere.

Txapelketako momenturik gogoangarrienak, hunkigarrienak, bitxikeriak... Hori guztia jasotzen du erreportajeak. Dantzariei dagokienez, hiru aldiz jarraian txapelketa irabazi zutenei erreparatu zaie bereziki, hori lortzean, Nestor Basterretxea eskultorearen garaikurra ordezkatzen duten herriko udaletxean geratzen da eta.