Itxi

telebista

Audientzia

Pilota eta Bertsolari Txapelketa Nagusia, audientzia buru, ETB1en

A.H.

EITB

Lau t'erdiko pilota finala eta Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala nagusi izan ziren euren ordu tarteetan.

Asteburu honetan bi ekitaldi garrantzitsu nabarmendu dira ETB1eko audientzia datuetan:  Lau T'erdiko Txapelketako finala larunbat gauean eta Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala igandean. Biek lortu zuten euren ordu tarteetan lidergoa.

Lau t'erdiko finala

Aimar Olaizolak eta Juan Martinez de Irujok larunbatean jokatu zuten Lau T'erdiko pilota finalaren zuzeneko emanaldia nagusi izan zen ordu tarte horretan % 22,4ko audientziarekin. Ikus-entzule euskaldunen artean, gainera, % 35eko datua eskuratu zuen.

Aimar Olaizolak lau t'erdian jokatu zuen zazpigarren finala 233.000 lagunek ikusi zuten bataz beste, eta 359.000 ikus-entzulek egin zuten bat uneren batean zuzeneko emanaldiarekin.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala

Igandean, Euskal Telebistak zuzenean eta oso-osorik eskaini zuen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, eta emanaldia nagusi izan zen goizean eta arratsaldean. Goizeko emanaldiak % 12,3ko audientzia zatia lortu zuen eta %27,9koa euskaldunen artean. Bestalde, ikus-entzuleen % 11,8k jarraitu zuen arratsaldeko jarduna, eta euskaldunen artean, berriz, % 28,5k.

Duela lau urteko norgehiagoka berdina errepikatu zen igandean, Amets Arzallusen eta Maialen Lujanbioren arteko buruz burukoarekin. Azkenean, Iparraldeko bertsolaria izan zen txapelduna. Emanaldiaren urrezko minutua 19:42an izan zen, Amets Arzallusen agurraren ondorengo unea, publikoaren txalo zaparrada handiak zortzi bertsolari finalisten jarduna goraipatu zuenean. Egunean zehar, 355.000 ikus-entzulek egin zuten bat uneren batean finalarekin Euskadin eta eragin eremuan.