Itxi

telebista

23:20ean

Euskaldun ezagunak kantari jarriko ditu 'Euskal Kantuen Gaua' saioak

A.E.

EiTB

Athleticeko  mutilek, Realeko neskak,  Xabi Alonsok, Illarramendik, Anne Igartiburuk, Enma Garcíak, Iñaki Lopezek, Gorka Otxoak, Euskalteleko historikoek eta ETBko aurkezleek hartuko dute parte.

0:44
Gorka Otxoa, Xabi Alonso, Asier Illarramendi eta Pablo Laso, kantari

Gaur gauean, Gabon gauez, 23:20ean, 'Euskal Kantuen Gaua' musika saio ikusgarriekin dator. Abesti ezagunen bertsiorik harrigarrienak eskainiko dituzte aurtengo partaideek. Kike Amonarrizek eta Ilaski Serranok aurkeztuta, hogei bat saio eskainiko dituzte aurkezle, artista, kirolari eta aurten Euskal Herrian protagonista izan direnek.

Hartara, adibidez, Iker Muniain, Markel Susaeta, Oscar de Marcos eta Mikel Balenziaga Athleticeko jokalariek Beatles taldearen 'Love me do' abestia eskainiko dute. Realeko jokalariek (futbol taldeko mutilek hockey taldeko neskak), berriz, Zea Maysen 'Negua joan da' abestuko dute.

Bestalde, Madrilen egindako grabazio berezian, Real Madrilen dabiltzan Xabi Alonso eta Asier Illarramendi euskal jokalariak, Gorka Otxoa aktorea eta Pablo Laso saskibaloi entrenatzailea bilakatuko dituzte kantari. Anne Igartiburu, Enma Garcia, Nerea Garmendia eta Xabier Perurena ere Madrilen harrapatu dituzte. Gainera, Illarramendiren lagunek ere parte hartu nahi izan dute bertan, eta Mutrikun egin zuten saio berezia 'EKG'rentzat.

Gabon gaueko beste protagonistetako batzuk Zumaiako emakumezko arraunlariak eta Hondarribiko gizonezko arraunlari taldea izango dira, biak ala biak aurtengo Kontxako Banderaren txapeldun handiak. Euskaltel-Euskadiko historikoak ere arituko dira kantuan: Igor Anton, Miguel Minguez, Pello Bilbao, Igor Gonzalez de Galdeano eta Miguel Madariaga.

ETBk badu ordezkaririk programan: 'Kontrako Eztarria' saioko Anjel Alkainek, Iker Galartzak, Jon Plazaolak eta Xabier Euzkitzek, eta 'Irrikitown'eko Andoni Agirregomezkortak, Iker Galartzak, Pedro Otegik, Miriam Cabezak eta Itziar Atienzak saio bereziak grabatu dituzte. Ilaski Serrano, Maria Cruickshank, Sara Gandara, Adela Gonzalez eta Arantza Garces, berriz, Spice Girls bilakatuko dira. Iñaki Lopezek eta Ana Urrutiak Elvisen abesti bat eskainiko dute, eta laster ETB2n izango den Silvia Intxaurrondo santurtziarrarekin ere egongo dira.

Horrez gain, luxuzko beste parte-hartzaile batzuk izango dira: batetik, El Drogas eta Kutxi Romero Motxila 21eko kideekin, eta, bestetik, Anne Etchegoien Iparraldeko abeslari handiarekin. Beste bikote berezi bat ere gonbidatu du 'EKG'k: Ivan Fandiño torero bizkaitarra eta Elena Ibarbia Miss Munduko finalista.

Euskal Herritik kanpo bizi diren hainbat euskaldunek eta Tuterako Argia ikastolako haur eta irakasleek ere saio bikainak borobilduko dituzte.

Besteak beste, horiexek dira aurten 'Euskal Kantuen Gaua' osatuko duten emanaldiak. Amaitzeko, ohi denez, partaide eta aurkezleek 'Hator Hator' abestuko dute.