Itxi

telebista

23:15ean

'Los pasos del camino' dokumentala, gaur, ETB2n

Euskal Herritik igarotzen den Done Jakue Bidearen leku esanguratsuenak erakutsiko ditu saioak, gaur, 23:15etatik aurrera, ETB2n.

'Los pasos del tiempo' dokumentala eskainiko dute ETB2n gaur gauean, Bide Frantsesaren arrastoa jarraituko duen bidaia, garai bateko ‘arrastoaren eremuan’ jatorria duen Done Jakue bidea, alegia. Done Jakue Bideak jatorrian Esne-bide mitikoa jarraitzen zuen, izarren ibilbidea eta Europan X. mendetik aurrera ugaritzen hasi ziren erromesadien jomuga. Euskal Herritik igarotzen den Done Jakue Bidearen leku esanguratsuenen inguruko mitoak eta kondairak ekarriko ditu gogora saioak.

Orreagako haitzarteko haitzetatik sartuko da bidaiari penintsulara, lekuaren historia eta kondairaz bat egiteko: Karlomagnoren eta Roldanen aztarnak, eta borroka epikoaren memoria. Iruñetik pasatuz, Iratiko basorantz egingo du baidaiariak; 18.000 urte izanik, kondaira ugari gordetzen ditu, Basajaun basoko jaunarena, esaterako, edota Albreteko Juanarena, Frantzian pozoindutako eta baso aezkoarrean berpiztu den erreginarena. Iratiko ateetan leku magikoa izango du bidaiariak: antzinako Arma Lantegia Orbaitzetan dago, XIX. mendeko amets makinisten sinbolo. Hango hondakinetan altxorren inguruko kondairak gordetzen dira.

Iratitik Lizarrara helduko da ondoren bidaiaria, Frantziako Bidearen geldiune nagusia, erromaniko nafarraren hiriburu, 1090ean Sancho Ramirezek sortua eta ondare historiko paregabea duen lekua,  erreinu zaharretik (Lizarran dago Nafarroako erregeen Jauregia) gerra karlistetara eramango gaituena.

Eunaten bukatuko du bidaiariak bere ibilbidea; haren esanahia ‘ehun ate’ dela diote batzuk, ‘ate ona’ besteek. Dena dela, Eunatekoa ibilbideko ermitarik ederrenetakoa da, ziurrenik Jerusalengo tenpluaren diseinuari jarraiki XII. mendean tenplarioek eraikia. Eunaten batzen dira Done Jakue, Somport eta Orreagako bidea. Gure bidaiariak geldialdia egiteko leku aproposa,

Los pasos del camino’, gaur, 23:15etatik aurrera, ETB2n.