telebista
Eguraldia
'Eguraldia'k whatsapp-a du
A.E.
EiTB
Erabiltzaileek aurrerantzean euren bideoak 'Eguraldi'ko whatsapp-era bidali ahal izango dituzte.
-
Lorentxo Portularrumeren argazkia
'Eguraldia' tartea ikus-entzuleen parte hartzea argazkien bidez sustatu duen lehenetarikoa izan da. Gaur egun, ohikoa da ikus-entzuleen argazkiak telebista kate guztietako eguraldiaren tartean ikustea, telebista guztietan erakusten dituzte ikus-entzuleek bidalitako argazkiak, hain zuzen ere. Hartara, 'Eguraldi'ko lan-taldeak urrats bat aurrera ematea erabaki du eta parte hartze bide berri bat urratu: whatsapp-a.
Erabiltzaileek, aurrerantzean, bideoak bidaltzeko telefonoa izango dute, 688875824 zenbakia. Helburua ez da panoramika soila egitea, ikus-entzuleak irudi horiei ahotsa jartzea nahi dute. Hartara,erabiltzailea erreportari bilakatu nahi dute eta lehen pertsonan bere herrian dagoen giroa kontatzea da asmoa. Zerua nola dagoen deskriba dezala, hozberoaren berri eman eta datu deigarriren bat ere erantsi. Hori bai, garrantzitsua da grabazioa egiteko telefonoa horizontalean jarrita izatea.
Whatsapp ekimen hau sustatzeko pizgarri gisa zozketa bat antolatuko du 'Eguraldia'k. Parte hartzaile guztiak sartuko dira zozketan eta saria asteburua elurretan izango da.
'Eguraldia' tartea Euskadiko eguraldiko saiorik ikusiena da, beste gainontzeko kateen gainetik. Urte hauetan guztietan, ikus-entzuleek leial jarraitu dute saioa, Interneten ere elkartea sortu dute jarraitzaileek. Zabalik daude, www.eitb.com web gunearen bidez argazki eta bideoak jasotzeko ohiko bideak; baina, esan bezala, hemendik aurrera ausartenek whatsapp bidez bidali ahal izango dituzte euren bideoak, 688875824 telefonora bidaliz.